Gipuzkoako Azkoitia, Azpeitia, Aia, Orio eta Zumaia herrietan bazuten jada, eta, orain, Zarautzen ere badute herriko berri jasotzen duen hilabetekaria. Zarautz Guka aldizkariaren lehen zenbakiak berriki ikusi du argia, eta hemendik aurrera, hilero-hilero izango dute eskura Zarautz Guka-ren bazkideek, abuztuan izan ezik.
Iritzi artikuluak, erreportajeak, elkarrizketak, argazki erreportajeak eta askoz gehiago bilduko ditu argitalpen berriak, eta horien guztien protagonistak Zarautz eta zarauztarrak izango dira. Zarautz Guka aldizkaria, baina, erabat berritzailea izango da euskarritik bertatik hasita; izan ere, aldizkari digitala izango da. Horrek esan nahi du bazkideek ez dutela etxeko buzoian jasoko aldizkaria: zarautzguka.eus webgunean eta Guka aplikazioan izango dute eskura, hilabete bakoitzeko aurreneko ostiraletik aurrera. Hain zuzen ere, bazkideek webguneko saioa hasita eduki beharko dute zarautzguka.eus/prentsa atalean jarritako aldizkariaz gozatzeko. Guka aplikazioan, berriz, izen-abizenez erregistratuta egon beharko dute, eta Aldizkariak atalera joan.
Argia ikusi duen lehen zenbakian, askotariko edukiak argitaratu dituzte: Aritz Mutiozabalen, Elaia Aizpuruaren, Alex Gurrutxagaren eta Javier Aranbarriren idatzizko iritzi artikuluak; Imanol Epeldek Aner Peritzi bidali dion audio mezu bat, Santa Barbaratik Zarautzi begira jarrita bururatu zaizkion hausnarketekin; itsas mailak gora egiteak herrian izan ditzakeen ondorioen inguruko idatzizko erreportaje zabal bat; Miriam Mendoza ipuin kontalariari egindako bideo elkarrizketa bat; Alba Aristi baserritarrari egindako bideo elkarrizketa bat, Goretti Aranburu ilustratzaileak Aristien ilustrazioa egin bitartean; Iñigo Beitia Eraso musika taldeko bateria jotzaileari egindako bideo elkarrizketa bat; Maria di Santo Zarauzko Argazkizale Elkarteko kidearen argazkiekin egindako erreportaje bat; lehiaketak eta zozketak, eta abar.
Zarautz Guka aldizkariaren lehen zenbakia nahi duen orok ikusteko moduan dago zarautzguka.eus/prentsa atalean eta Guka aplikazioan, nahiz eta berez Zarautz Guka-ren bazkideek bakarrik izango duten aldizkaria eskuratzeko aukera. Lehiaketetan eta zozketetan parte hartzeko aukera ere Zarautz Guka-ren bazkideek bakarrik izango dute.