Gaztea irratiak ekoizten du Yoko Ona bideopodcasta, eta Ainhoa Vitoria esatariak gidatzen du. Lau denboraldi emankor izan ditu saioak, eta orain platoa utziko dute bolada batean, oholtzarako jauzia egiteko. Bihar hasi eta abenduaren 26ra bitartean, zuzeneko bost saio egingo dituzte. Gogoratu behar da Olatz Salvador eta Lore Nekane Billalabeitia musikariak aritu ohi direla Vitoriarekin batera, eta emakumezko gonbidatuak izaten dituztela beti; gehienetan, sortzaileak.
Bilbon eta Gasteizen egin zituzten aurretik jendaurreko beste bi Yoko Ona. Baina aurtengo pausoa bestelakoa izango da: Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Bartzelonan eta Donostian publikoaren aurrean egingo dute bideopodcasta. Vitoria hasteko irrikan dago. «Gure euskal emakume artisten bozgorailu izan nahi dugu. Orain arte bezala, gustatuko litzaiguke gure musikarientzat eta etortzen den jendearentzat espazio seguruak sortzea, nahi dutena kontatzeko eta aldarrikatzeko».
Iruñeko Laban egingo dute bihar bost zuzeneko emankizunetako lehena. 19:30ean hasiko da, eta Izaro Andres musikaria gonbidatuko dute. Aurrean dituen erronken inguruan hitz egingo du.
Bigarren zuzeneko saioa Bilbon egingo dute, azaroaren 7an, La Ribera tabernan. Olaia Inziarte musikaria gonbidatuko dute. Lehen diskoaren bira bukatuta, gelditzea erabaki zuen Inziartek. Yoko Ona-n azalduko du baduela zerbait berria erakusteko.
Bartzelonako Euskal Etxean
Lehen aldiz, Euskal Herritik kanpo egingo dute Gaztearen bideopodcastetako bat: Bartzelonan. Hain zuzen ere, azaroaren 23an Bartzelonako Euskal Etxean egingo dute Yoko Ona. Egun horretan, Ainhoa Marzol Interneten aditua —podcast bat aurkezten du Filmin plataformarentzat— eta Judit Neddermann musikari kataluniarra gonbidatuko dituzte. Taula gainean 30 urte inguruko emakumeak elkartuko dira, eta adin horren bueltako kezkak, pozak eta jarrerak izango dituzte hizpide.
Gasteizera azaroaren 28an joango da Yoko Ona. Jimmy Jazz aretoan egingo dute saioa, eta gonbidatuak J Martina musika taldeko Ane eta Kattalin Barcena izango dira. Hain zuzen ere, Negu Gorri biran murgilduta egongo dira J Martinakoak une horretan. Etorkizunari begira ere jarriko dira, eta zahartzearen inguruko hausnarketak egingo dituzte.
Yoko Ona-ren bira modukoa Donostian amaituko da, abenduaren 26an. Tabakalerako Kutxa Fundazio Klubean elkartuko dira saioa egiteko, eta gonbidatuak Euskoprincess eta Sune izango dira. Zerbait egiten lehenak izatearen inguruko gogoeta egingo dute bi artista horiekin.
Aipatutako bost saioak ikustea doakoa izango da. Hitzorduaren egunean bertan, aretora goiz gerturatzea gomendatu dute aulkia hartu ahal izateko. Gainera, bost saio horietako edukiak, zuzeneko musika emankizunak kenduta, Gaztearen Youtubeko kanalean izango dira ikusgai. Aurreko lau denboraldietako atalak Youtubeko kanalean daude ikusgai. Tartean da, esaterako, Bilborock aretoan martxoaren 7an egin zuten emankizun berezia.