'Yoko Ona', freskotasuna eta naturaltasuna aldarri

Lore Nekane Billelabeitia,Olatz Salvador eta Ainhoa Vitoria dira 'Yoko Ona' bideopodcasteko protagonistak. Astero sareratuko dute atal bat

Lore Nekane Billelabeitia, Ainhoa Vitoria eta Olatz Salvador Gaztearen grabaketa estudioan. GAZTEA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hiru sofa, eta hiru solaskide: Ainhoa Vitoria, Lore Nekane Billelabeitia eta Olatz Salvador. Kazetaria lehena, musikariak bertze biak. Elementu horiexek ditu Yoko Ona Gaztearen bideopodcast berriak. Bideopodcasta, ahotsaz gain, irudiak ere protagonismo berezia duelako. Gaztea irratiak ekoitzi du saioa, eta ostiralero sareratuko dute Gaztearen Youtubeko kontuan, baita Interneteko atarian ere.

Zerbait berria egiteko grinatik, esperimentatzeko gogotik sortu da Yoko Ona, eta baita emakume musikariei ikusgarritasuna emateko beharretik ere. Dagoeneko lehen bi saioak sareratu dituzte, eta oraingoz abendura arte astero-astero egingo dute publiko programa berri bat. Ainhoa Vitoria saioko gidari eta Gazteako kazetariak kontatu duenez, lehenak sareratuta momentu gozoa da oraingoa: «Pozik gaude. Jendeak mezu politak eman dizkigu; esan digute polita dela horrelako gauzez euskaraz hitz egitea, gure arteko konplizitatea ikustea...». Hala ere, jendearen iritzia baino, egiten ari diren bidea da garrantzitsuagoa, Vitoriaren ustez: «Auskalo jende askok ikusi eta entzungo duen, baina iruditzen zait beharrezkoa den espazio bat dela».

Izenetik beretik, jokorako deia egiten du saioak. «Olatzi—Salvador— otu zitzaion, Yoko Onori buruz hizketan ari ginela, nola desprestigiatu den eta...Gustatzen zitzaigun hitz joko hori, gure asmoa badelako joko onaren alde egitea».

Eguneroko gaiak

Orain arteko bi saioetan gai erabat ezberdinak landu dituzte. Hasierak izan zituzten mintzagai lehenengoan,musikaren munduan izandako hasierak, eta baita beren haurtzaroko istorio eta anekdotak ere. Bigarrenean, aldiz, komunikabideak: hedabideak nola ikusten dituzten, haiekin duten harremana, zer eskatzen dieten... «Dezente busti dira, eta hori interesgarria da, batez ere hedabideek ikusteko nola zaindu behar ditugun gure artistak», nabarmendu du Vitoriak. Datozen saioetan, bertzeak bertze, inspirazioaz eta osasun mentalaz ere mintzatuko dira. Egunerokotasuneko gaiei buruz, finean.

Itxuraz, solasaldi informalak direnek gidoia dute oinarri, nahiz eta, Vitoriaren hitzetan, inprobisaziorako tarterik ere baden: «Gidoia da bizkarrezurra, eta desbideratuz joaten gara. Hain zuzen, inprobisazio horrek saioari ematen dion freskotasuna nabarmendu du Vitoriak:«Ahalik eta naturalen egiten saiatzen gara, egiten dugunaz disfrutatzen». Disfrutatzeari ematen diote garrantzia, eta, denaren gainetik, helburua argi dute: «Gustatuko litzaiguke publikoak hiru neska jator ikustea eta pentsatzea gurekin gustura joango liratekeela zerbeza bat hartzera. Hori transmititu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.