'Yoko Ona' bideopodcasta gaur amaituko da, lodifobiaz hizketan

Ana Goitia gonbidatu dute denboraldiko azken atalean. Ez dago ziurtatua saioak jarraituko duen

Olatz Salvador, Ainhoa Vitoria, Lore Nekane Billelabeitia eta Ana Goitia, Yoko Ona bideopodcastean. YOKO ONA.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ainhoa Vitoria eta Andrea Aranburu Gaztea Irratiko esatariak eta Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitia musikariak dira Yoko Ona bideopodcasteko gidariak, eta atal bakoitzean emakume bat gonbidatzen dute gai interesgarri batzuez hitz egiteko. Gaur amaituko dute hirugarren denboraldia, Ana Goitia kazetariarekin. Lodifobiaz mintzatuko dira. Ohi bezala, Gaztearen Youtubeko kanalean ikusi ahalko da, eta EITBren webgunean ere entzungai eta ikusgai egongo da.

Vitoriak nabarmendu du atal «berezia» izango dela, «ohi baino luzeagoa». Esataria «oso pozik» dago atal horrekin eta Goitiaren parte hartzearekin. «Bere esperientzia kontatu zigun oso modu umoretsuan. Dramatismotik aldendu zen, eta telebistan zein bizitza pertsonalean izandako esperientzia kontatu zigun». Yoko Ona-ko aurkezlearen arabera, erreferente faltaz hitz egiten da sarri euskal komunitatean. «Kasu honetan, Goitiak erakutsi zigun erreferente oso interesgarria dela. Ikusi genuen emakume bat bere burua onartzen duena, eta etekina ateratzen diola horri».

Goitiak ETB1eko Joseba Argiñano Sukalerrian saioan egiten du lan, eta Biba zuek! magazinean kolaboratzen du. Duela aste batzuk, magazin horretako Korapiloak tartean ere aritu zen lodifobiaz Iñigo Antsorregirekin. «Berdin du neurriak; zenbakiek ezin gaituzte eraman pertsona bat nolakoa den jakitera», esan zuen orduko hartan.

Egindako lanarekin «pozik»

Bideopodcastaren hirugarren denboraldiaren balantzea «oso ona» dela aipatu du Vitoriak. «Sentsazioak onak dira. Jende askok esaten digu atalak motz egiten zaizkiola, baina ez da seinale txarra. Gai asko jorratzeko gogoz egoten gara».

Yoko Ona-k laugarren denboraldia izango duen ez daki Vitoriak. «Baina laugarren denboraldia egiten badugu, nahiko nuke ezagunak ez diren emakumeak gonbidatzea».

Martxoaren 3an, Parentesi festibaleko mahai inguru batean parte hartu zuen Vitoriak. Aipatu zuen mutil gutxik aitortzen dutela Yoko Ona-ko ikusle edo entzule direla. Esatariaren sentipena da neskek gehiago entzuten dutela saioa, mutilek baino. «Kontua ez da bakarrik neskak garelako. Gaiek ere badute zerikusia».

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jendaurreko Yoko Ona berezia egin zuten, eta orduan ere neska gehiago ziren ikusleen artean. Antzeko jendaurreko saio gehiago egiteko gogoz dago Vitoria. «Oso ondo sentitzen naiz podcasteko beste emakumeekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.