Beste urtebetez, Galiziako Xuntak diru laguntzarik gabe utzi du galegoz argitaratzen den egunkari bakarra: Nós Diario. Paperean argitaratzen diren egunkariei 1,25 milioi euroren laguntzak eman dizkie Galiziako Gobernuak (PP), eta, aurreko urteetan bezala, La Voz de Galicia egunkariak jasoko du diru gehien: 550.545 euro. Ondotik, Faro de Vigo-k 220.993 euro jasoko ditu, eta El Progreso de Lugo-k, 142.221. Kopuru txikiagoak baina laguntzak jasoko dituzte El Correo Gallego, Atlántico Diario, La Opinión de A Coruña egunkariek eta La Capital taldeak ere —El Ideal Gallego, DXT eta beste hedabide batzuk argitaratzen ditu—.
Espainiako Banaketa Egiaztatzeko Bulegoak ematen dituen datuen arabera, Nós Diario egunkariak 4.194 ale saltzen ditu batez beste, eta bosgarren tokian dago. Estudio General de Medios-en azken ikerketaren arabera, bestalde, paperean gehien irakurtzen diren egunkarien artean zortzigarrena da galego hutsean argitaratzen dena: 21.000 irakurle.
Xuntako laguntzen oinarriak iazko apirilean argitaratu zituzten. Haien arabera, Xuntak exijitzen du hedabideek Galiziaren «identitatea babestea», «haren balioak eta hizkuntzaren normalizazioa sustatzea» eta haren «kultura babestea». Prentsa idatziari dagokionez, oinarriek diote informazioaren %10 gutxienez galegoz argitaratu behar dutela. Nós Diario-k salatu duenez, ordea, Xuntak betoa ezartzen dio galegozko egunkariari ekitaldi batzuen publizitatean; O Son do Camiño jaialdiaren publizitatean, kasurako.
Egunkariak salatu du PPren gobernuak arrazoi bera ematen duela urtero Nós Diario-ri betoa ezartzeko: «Ez dela egunero argitaratzen den egunkari bat». Astean bost egunez argitaratzen dute: asteartetik larunbatera. Sermos Galiza enpresak —Nós Diario argitaratzen du— behin eta berriz adierazi du oinarrietan ez dutela definitu zer den egunkari bat.
Maria Obelleiro Sermos Galizako zuzendariak nabarmendu duenez, galegozko egunkariak irakurle gehiago ditu laguntzak jasotzen dituzten beste kazeta batzuek baino. «Bestetik, ikusi besterik ez dago laguntzak jasotzen dituzten egunkari batzuetan galegoak zer presentzia duen, Xuntaren deialdiak hizkuntzari buruz jasotzen duen irizpidea paper errea dela ondorioztatzeko».
Interneterako, 2.913 euro
Galiziako Xuntak, gainera, 454.414 euroren laguntzak eman dizkie Interneten informazio eta kazetaritza lana argitaratzen duten enpresei. Kasu horretan ere, La Voz de Galicia egunkariak jasotzen du gehien: 240.723 euro. Nós Diario-ren webguneak, berriz, 2.913 euro baino ez.
Obelleirok gogoratu duenez, hedabideek bost langile baino gehiago izan behar dituzte laguntzak jasotzeko. «Irizpide horrek laguntzetatik kanpo utzi ditu galegozko hedabide digital guztiak». Salbuespena Nosdiario.gal da, eta hari 3.000 euro baino gutxiago eman dizkiote.
Galego hutsean argitaratzen diren hedabideentzat beste laguntza ildo bat du Xuntak, eta, horren bitartez, 30.000 euro baino ez ditu jasotzen urtean Nós Diario-k.
«Paperezko egunkariei ematen zaizkien laguntzen %90 diru laguntzen deialdi publikoetatik aparte egiten dituzte»
MARIA OBELLEIROSermos Galizako zuzendaria
«Gardentasunik ez finantzaketan»
Gainera, Obelleirok salatu du publizitate bidezko akordioak eta bestelako hitzarmenak ez direla modu gardenean egiten: «Kazetaritzan lan egiten duen orok badaki milioi batzuk modu ilunean banatzen direla, kontratu bidez, gardentasunik gabe. Ikertzaile batzuek diotenez, Galiziako Xuntak hogei milioi euro erabiltzen ditu urtean egunkari batzuk finantzatzeko; horrenbestez, paperezko egunkariei ematen zaizkien laguntzen %90 diru laguntzen deialdi publikoetatik aparte egiten dituzte». Hitzarmen batzuk «hezkuntza programak zabaltzeko» direla argitaratzen dute. «Turismoa sustatzeko» eta «galegoaren erabilera bultzatzeko» direla esaten dute beste batzuetan, Obelleiroren aburuz.
Testuinguru horretan, Nós Diario egunkariak zailtasun handiak ditu irauteko. Baina bosgarren urteurrena bete berri du, eta aurrera doa. «Egoera hori aintzat hartuta, harpidedunak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Harpidedunek ematen diote Nós Diario-ri irauteko modua».