Euskarazko blogak askotarikoak dira, eta Azkue fundazioak onenak saritzeko ahaleginari ekin zion duela bost urte. Blogetan lehiaketa antolatu dute hirugarren aldiz, eta sariak banatu zituzten atzo Bilbon, Euskararen Etxean. Kultura kategorian, Xerezade bloga saritu zuten; Gizarte eta Politikan, 27 zapata; Aisian, Kontra-kantxa; eta Zientzia eta Teknologian, Laborategia.
Epaimahaia Azkue fundazioak, Argia aldizkariak, Zuzeu atariko Urko Urangak, Tokikomeko Joxe Rojasek eta Pikara Magazine-ko June Fernandezek osatu dute. Epaimahaiak honako hau adierazi du Jasone Larrinagaren eta Ana Moralesen Xerezade blogaren inguruan: «Blogetik kanpo oso aktiboak dira: sare sozialak, festa fisikoak... Eta lan handia egiten dute edukiak aukeratu eta egokitzeko orduan. Izan ere, audioak eskaintzen dituzte». 27 zapata-ri dagokionez, epaimahaiak blogaren estilo «bizia» nabarmendu du: «Horrez gain, Imanol Epeldek Youtubeko hizkuntza menderatzen du, eta, abilezia horren ondorioz, gai eta gogoeta mamitsuak lantzen ditu formatu arinean». Iruñe Astitz kazetaria da Kontra-kantxa blogaren arduraduna, eta emakumeen kirola sustatzea du helburu. Hala esan du epaimahaiak: «Aldarrikapena tonu umoretsu eta alaian egiteko trebezia erakusten du, hizkuntzaren erabilera egokia egiten du, eta sare sozialetan oso aktiboa da. Erakargarria da blogeko edukia». Dabid Martinezek software askearen kultura zabaltzen du Laborategia-n. «Gai teknikoak era humanoan azaltzen ditu, eta euskarazko komunitatearekiko konpromisoa erakusten du. Diseinua, gainera, oso dotorea du», gaineratu du epaimahaiak.
Sarituek Bernat Vidal artistak diseinatutako garaikurra eta 200 euroko diru txeke bana jaso dute. Bestetik, Argia-k eman ohi duen euskal blogari berrienarentzako saria hutsik geratu da. Hala ere, aldizkariak urtebeteko bi harpidetzarekin saritu ditu ondoko blogak: Kablegintza eta Kablekariak eta Begane.
Edukiak nola aurkeztu
Sari banaketarekin batera, Blogak testutik harago izeneko jardunaldia egin zuten. Bertan, Ioar Oteiza komunikazioan adituak nabarmendu zuen blogek eta sare sozialek elkarri eragiten dietela, «sare sozialek trafikoa erakartzen baitute». Tania Arriaga EHUko irakasleak esan zuen podcast-ak paradigma aldaketa dakarrela: «Produkzio mota ezberdin bat ahalbidetzen du: unibertsitateko edukiak antolatzeko, telebista kateetako edukiak eskaintzeko, eta abar». Hedoi Etxarte Katakrak guneko kideak esan zuen ekitaldien streaming-ek baino askoz hobeto funtzionatzen dutela bertan jasotako audioek. TaZebaEz kolektiboko Esti Beraza eta Aare Castilla visual thinking-aren erabileraz aritu ziren: «Hitzak irudi bihurtzea da, bestelako komunikazioa lortzeko». Argia-ko Gorka Bereziartua creative commons lizentziaren alde mintzatu zen. Epelde lehiaketako sarituak, berriz, nabarmendu zuen edukien izenburuak «oso garrantzitsuak» direla.
'Xerezade', '27 zapata', 'Laborategia' eta 'Kontra-kantxa' saritu dituzte
'Blogetan' lehiaketako sariak banatu dituzte. Blogen inguruan hausnartzeko baliatu dute eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu