Xalotasunean, Iruñerri osorako

Berriozarko egoitzan albistegi bat, bi magazin eta beste saio batzuk egiten ditu Xaloa telebistak

Maria Gurreak aurkezten du Iruñerriko Hotsak saioa Xaloa telebistan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Iruñerriko albisteak, magazinak, marrazki bizidunak, Internetetik jasotako ikuskizunak eta bestelako saio espezializatuak eskaintzen ditu Xaloa telebistak Iruñerriko kanalean. 38. kanalean, hain zuzen ere. 2013. urtean, lurreko telebista digitaleko tokiko baimena lortu zuen, eta duela urte bat hasi ziren Iruñerriko albisteak ematen Berriozarko (Nafarroa) egoitzatik, Baztandik tresneria eraman eta gero. Bere bidearekin jarraitzen du Xaloak, era berean, Baztan, Bertizarana eta Malerreka eskualdeetarako egiten duen eskaintzarekin.

Joseba Igarabide gustura azaldu da, Xaloak Iruñerrian aurreneko urtean izan duen harrerarekin. «Harrera arras ona izan da. Kontuan izan behar da gure telebista egiteko modua desberdina dela, eta guk eskaintzen duguna ez direla superekoizpenak, ezta show galaktikoak ere. Gurea bestelakoa izan nahi du: beharrei egokitutako hurbileko telebista».

Iruñerriko ikusleekin hurbiltasun hori lortzeko asmoz, Berriozarko egoitzan bi magazin egiten dituzte: Iruñerriko hotsak(13:30ean) eta Egunez egun (16:00). Maria Gurreak aurkezten du Iruñerriko hotsak, eta askotariko gizarte gaiak lantzen dituzte. «Bizitzan behar izaten diren kontuak tartekatzen dira saioan», azaldu du Igarabidek. Gainera, herri mugimenduen eta gobernuz kanpoko erakundeen jarduna, udal informazioa, eskualdeko agenda, Nafarroako beste toki batzuetako gaiak, erosketaren saskia eta eguraldia azaltzen dira magazinean. Egunez egun arratsaldeko magazina, berriz, Larraitz Amadozek aurkezten du, eta elkarrizketen bitartez lantzen dituzte gaiak. Asteko egun bakoitzean gai bat: astelehenetan kirolak, asteartetan udal informazioa, asteazkenetan kulturgintza, ostegunetan ekonomia eta politika, eta ostiraletan aisia eta asteburuko agenda. Kolaboratzaile finkoak dituzte saioan.

Iruñerriko albistegia, bestalde, Aitziber Iturriak eta Fermin Epaltzak aurkezten dute egunero, 15:00etan. Iluntzean ere berriro ikusteko modua izaten da.

Goizez zein arratsaldez marrazki bizidunak ematen ditu Xaloa telebistak. Gainera, Tokikomeko telebistekin egindako hitzarmenaren bitartez, tokiko beste kate batzuetako saioak ere emititzen dituzte. 20:00etatik aurrera, halaber, saio berezituak ematen dituzte. Besteak beste, kirol, musika, kultur, hezkuntza, eta nekazaritza eta abeltzaintza gaiei buruzko saioak dituzte.

Igarabidek ontzat jo du Iruñerrian telebista eskaintza handitu izana. «Bada denontzat tokia. Lankidetzan sakondu beharko genuke. Horrela, eskaintza osagarria egingo dugu, eta herritarrek eskertuko digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.