Xaloak etzi hasiko ditu Iruñerriko albistegiak

Euskarazko telebista Iruñerrian ikusteko, LTDko kanalak sintonizatu behar dira berriz.Berriozarko kulturgunean jarri du Xaloak egoitza

Hainbat euskaltzale izan ziren atzo Xaloa telebistaren Berriozarko egoitzaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Elizondotik (Nafarroa) 1997. urrian hasi zen emititzen Xaloa telebista. Baztan, Bertizarana eta Malerreka eskualdeetan herritarrengandik gertu izan da urteotan. Negu honetan hiriburura jauzi egin du, berriz, Xaloak, 2013an lortutako LTDko baimena baliatuz.

Abenduan probako emanaldiekin hasi zen, eta datorren astelehenean ekingo dio Xaloa telebistak programazio finkoari. Eider Madinak Iruñerriko berriak emango ditu albistegian, astegunetan, 15:00etan eta 20:00etan. Magazinekin otsailaren 9an hasiko dira —11:00etan eta 17:00etan emango dituzte—. Arratsaldeko magazinean gai zehatz bat landuko dute egun bakoitzean: astelehenetan kirola, astearteetan udal kontuak, asteazkenetan kultura, ostegunetan ekonomia eta politika, eta ostiraletan aisialdia.

Berriozarko kulturgunean du egoitza berria Xaloak, eta atzo arratsaldean egin zuten egoitzaren aurkezpen publikoa. Han izan ziren, besteak beste, Tokikomeko lehendakari Urko Aristi, Berriozarko alkate Xabier Lasa, Udalbiltzako Shanti Kiroga eta Nafarroako Topaguneko Oskar Zapata. Xaloa telebistako zuzendari Joseba Igarabidek finantzaketa kolektiboa oso ongi joan dela adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkien laguntza eman duten guztiei.

Igarabideren arabera, hasieran eskaintza ez da «produktu akitu bat» izanen. «Espero dugu hilabete barru bete-betean aritzea». Albistegietan bereziki Iruñerriari begiratuko diote, nahiz eta Nafarroa osoari eragingo dioten berri batzuk ere jorratuko dituzten. «Edonola ere, gure helburua tokiko informazioa garatzea da».

LTDko 38. kanalean

Xaloa telebista da lurreko telebista digitalean Iruñerrian ikus daitekeen euskarazko kate bakarra. Ikusteko, telekomandoarekin kanalak sintonizatu behar dira berriz, eta 38. kanalean azaltzen da.

Berriozarko egoitzan sei langile ariko dira lanean. Berriozarko Udalarekin akordio bat lortu du Xaloak, eta hasteko ondo dagoela uste du Igarabidek. Tresneria Baztandik eraman dute. «Uda partean Nafarroako Unibertsitatearekin lanketa bat egin nahi dugu, digitaletik goi bereizmenera igarotzeko».

Diru iturrietako bat publizitatea izanen dela azaldu du Igarabidek. «Prozesua martxan da, hasierak zailak dira, baina oztopoak gainditzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.