1997. urtean Xaloa telebista sortu zenetik, denetarik egokitu zaio egitea Joseba Igarabideri (Erratzu, Nafarroa, 1955). Batean kamera sorbalda gainean, bestean LTDko lizentziaren bulegoko borrokan murgilduta. Iruñerrian lizentzia lortu zuen Xaloak, eta hiriburuan «suabe-suabe» hasteko asmoa du.
Oronoz-Mugairitik Iruñera eramango dituzue kamerak ala Baztango gorabeherekin hazi behar dituzue Nafarroako hiriburuko neska-mutikoak?
Kamerak eramango ditugu, momentuz. Oronoz-Mugaireko batzuk Iruñerako ariko dira lanean. Eta Iruñeko jendearekin ere saiatuko gara moldatzen. Ea nolakoa den gure sarrera.
Hamazazpi urte luze dira Xaloa telebista jaio zela. Heldutasunera iristean traje berria jantziko al du?
17 urte baino gehiago 40 ditugula dirudi. Bidean sufrikeria dezente eraman ditugu. Orain ari gara ilusioa berreskuratzen.
Sanferminetako entzierroak euskaraz ikusterik izango al da?
Uste dut baietz. Ez dakigu zenbat kamerarekin, eskubideak ere tartean izango direlako. Baina saiatu saiatuko gara.
Auzolanean 50.000 euro bildu nahi dituzue. Zer ordaindu ahalko da diru horrekin?
Hedagailuak jartzeko balioko du: bata Monrealen eta bestea San Kristobalen. Diru gehiago beharko dugu telebista egiteko. Auzolanak aitzina jarraituko du. Kostu apaleko telebistatzat definitu izan dugu gurea. Umilak gara, eta hutsetik edo minusetik abiatzen gara. Baina pentsatzen dugu auzolanean gauza politak egin daitezkeela irudimena erabiliz. Horretan jarriko ditugu gure indar guztiak.
Finantzaketa kolektiboak modan daude. Zer emango diozue trukean dirua jartzen duenari?
Garrantzitsuena da euskara ikusi ahal izango dela Iruñean. Hori da gehien eman ahal duguna. Bestalde, elkarlanean aritzeko zabalik gaude. Pertsona, elkarte zein erakundeekin aritzeko prest gaude. Jendeari bere pulpitoa eskainiko diogu. Euskarak presentzia handiagoa izan dezake Iruñean Xaloari esker. Euskal unibertsora hurbildu nahi duenak aukera izango du. Unea da Nafarroan halako pauso txikiak emateko. Gure programazioa hasiera batean oso umila eta xumea izango da. Negu hotzean ekialdetik ateratzen den eguzkitxoa izan nahi luke gureak, eguerdi partean zeozer berotzen duena. Umil eta xume izan arren, iraunkor izan nahi dugu. Eta pausoz pauso aitzina egin. Ez genuke izan nahi atera orduko zapuzten den eguzkia.
Nafarroako Gobernuko ordezkariek esango dute Xaloa telebista baldin badago ez dela ETB1en beharrik. Tranpa horretan eroriko al da inor?
Ez dut uste. Gureak ez du zerikusirik ETBrekin, ez dio inolako itzalik egingo. Planteamenduan eta ahalmenean bi proiektuek ez dute zerikusirik. Gurea hurbileko telebista bat da, ahalbide gutxirekin egiten dena. Ez diogu inori itzalik egingo.
ETB baino xaloago izan arren, saio erakargarriak egingo dituzue, ezta?
Hori da gure asmoa. Suabe hasi arren, urte batean indarra hartuko genuke. Orain gauza sinpleekin abiatuko gara, eta elkarlan askorekin.
Yolanda Barcina badoa. Nafarroako Gobernuan aldaketa badago euskarazko telebista gehiago izango al da Nafarroan?
Hori izango litzateke gure nahia. Ofizialki zuhurrak izan behar dugu halako kontuekin. Ea diru laguntzen kontua zabaltzen den.
Erretiratzen zarenerako nola utzi nahiko zenuke Xaloa telebista?
Osasuntsu. Baztan-Malerrekan jaiotakoa 18 urterekin mundua jatera doa hirira. Bizi propioarekin utzi nahiko nuke proiektua.
Baztan-Malerreka inguruan monumentu bat egin beharko dizute egunen batean. Non nahiago?
Ez, ez, ez dut meriturik, izatekotan langileek, laguntzaileek eta herritarrek dute. Haiek atera dituzte proiektuak aurrera. Gu saltseroak izan gara, eta lanean gustura.
ATZEKOZ AURRERA. Joseba Igarabide. Xaloa telebistako zuzendaria
«Xaloa neguan ekialdetik ateratzen den eguzkitxoa da»
Xaloa telebista probatan hasiko da emititzen Iruñerrian, abenduan. Hedagailuak finantzatzeko 50.000 euro lortzeko kanpaina bat abiarazi dute, euskalgintzako eragileekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu