benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Xake eta mate

2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Garry izeneko haurra 1963. urtean jaio zen, Azerbaijango Baku hirian. Ama armeniarra zuen eta aita jatorri judukoa. Bost urte zituela, haren aitak xakean jolasten irakatsi zion. Handik bi urtera hil egin zen aita. Orduan hartu zuen ama armeniarraren abizena, Gaspayan, eta ukitu errusiarra eman zioten, Kasparov bihurtuz.

Atoan hasi zen txapelketak irabazten. Gogoratzekoa izan zen 1984. urtean gertatutakoa. Munduko xake txapelketaren finalera iritsi zen lehen aldiz. Bertan, Anatoli Karpov txapeldunaren aurka jokatu zuen. 48 partidaren ondoren, epaileak amaitutzat eman zuen finala, jokalari bien osasun galera nabarmena aitzakia hartuta.

Handik urtebetera, 1985an, final bera errepikatuko zen; kasu hartan, Kasparov 13-11 gailendu zitzaion Karpovi. 22 urte zituela, munduko xake txapeldun gazteena bihurtu zen.

Antzeko zerbait gertatuko zen 1990ko hamarkadaren erdialdean, baina protagonistetariko baten izena aldatuz.

1996. urtean, IBM enpresaren Deep Blue ordenagailuak Kasparoven aurka sei partida jokatu zituen. Azken emaitza 4-2 izan zen Kasparoven alde.

Hurrengo urtean, baina, ordenagailuaren bertsio hobe batek mendean hartu zuen azerbaijandarra sei partidaren ostean. Eta orduan bai, esan zitekeen adimen artifizialak mendean hartu zuela lehen aldiz munduko xake jokalaririk onena.

Kasparoven erreakzioa izan zen zalantzan jartzea makina bera, ordenagailuaren atzean benetan xake jokalari profesional bat zegoela iradokiz. Ezin zuen onartu makina bat bere gaitasunen gainetik zegoenik.

XXI. mendearen hasieran, lasai asko ametitzen hasi zen mundu guztia makinek xakean gizakiek baino hobeto jokatu zezaketela.

2006ko txapelketan gertatutakoa horren adibide bikaina da. Veselin Topalovek Vladimir Kramnik salatu zuen, azken hori komunera sarri joaten ari zelako. Topaloven iritziz, komunean gailu elektroniko bat ezkutatua zuen Kramnikek, eta urrutiko ordenagailu batek agintzen omen zizkion egin beharreko hurrengo mugimenduak.

Kontraintuitiboa dirudien arren, makinek gizakia garaitzeak ez zuen xakearen desagertzea ekarri. Are gehiago, azken urteotan goranzko joera izan du bere praktikak.

Adimen artifizialaren balizko eraginez hitz egiten dugunean, agian, xakearekin gertatu denak etorkizunera begirako lezioren bat eskaini diezaguke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.