«Nire burutik sortutako ideia bat da Ardi beltzak». Hala dio Xabin Fernandezek, ilusioz. Berak sortutako proiektua da, berak aurkeztua eta zuzendua. Primeran plataformak hilaren 12an estreinatuko du Ardi beltzak elkarrizketa saioa. Lehen denboraldiak 15 minutuko bost atal ditu, eta guztiak batera sareratuko dituzte. Egitasmoaren gidariak nabarmendu du baduela loturaKanpora sartzen antzezlanarekin; lan horretan bere esperientzia pertsonala kontatzen du, lehen pertsonan. «Ni beti sentitu izan naiz ardi beltza, beti ibili izan naiz ardi beltzaren kontzeptuarekin bueltaka. Antzerki obran ere islatzen da hori».
Fernandezek azaldu du antzezlana ikustera joan den jende asko ireki egin dela berarekin. «Eta beste gaixotasun batzuen inguruan begiak zabaldu dizkidate. Konturatu naiz oso ezjakina naizela gai batzuetan eta gaixotasun batzuekin. Hortik tiraka abiatu da saioa. Funtsean, lekuz kanpo eta desberdin sentitu izan den jendea aurkezteko emankizun bat da».
Bost saio grabatu dituzte lehen denboraldian. Primeran plataforman jende gaztea nahi zutela azaldu du aurkezleak. Lehen elkarrizketatua Maider Mimi Treviño da: Aspergerren sindromeaz ariko da. Gaixotasunaren inguruko mito asko hautsiko dituela iragarri du Fernandezek. Julen Castillo aktoreak, berriz, bere afro ileaz hitz egingo du. «Esaten du ilearengatik meme bat sentitu izan dela; jendea joaten zaio ilea ukitzera». Hirugarren elkarrizketa German Urteaga bertsolari transarekin egin dute. Bere trantsizioa nola bizi izan duen kontatuko du. Laugarren elkarrizketatua Yara Alonso gaztea izango da, eta minbiziari buruz ariko da. «Gazte batek minbizia izateak zer eragin dion kontatuko du».
Irudia zaindu dute
Bosgarren eta azken atalean, elkarrizketatu guztiak Fernandezekin elkartuko dira, Etxanoko (Bizkaia) baserri batean. «Artaldea biltzeko aitzakia bat izango da, esperientziak partekatzekoa. Artalde zuri baten ondoan grabatu genuen, eta oso polita gelditu da atala».
Karela ekoiztetxekoen laguntza izan du Fernandezek egitasmoa aurrera ateratzeko. Aitor Ormaetxea gidoilari eta laguntzaile izan du Fernandezek. Markel Suarez izan da irudiaren arduraduna. «Irudiari garrantzia eman diogu: zerbait desberdina eskaini nahi genuen». Horren erakusgarri dira artile beltza duten besaulkiak.
Saioa ekoizteko erraza izan dela uste du Fernandezek, eta ez du baztertu atal gehiago grabatzea. «Gure gizartea ardi beltzez betea dago; uste baino gehiago gara. Hala ere, denboraldi berriak badaude, ardi zuriren bat ere sartu beharko dugu».
Fernandezentzat ez da lehen aldia izan elkarrizketatzaile lanetan, baina aitortu du egun beste egoera batean dagoela. «Duela urte batzuk ez nintzatekeen gai izango orain egin ditudan elkarrizketak egiteko. Gainera, elkarrizketetan atera egiten naiz elkarrizketatzaile paperetik, eta batzuetan gonbidatuek egiten dizkidate galderak niri. Iraganean lanerako muga batzuk izan ditut, baina orain beste lasaitasun bat hartu dut besteekin hitz egiteko. Pozik nago horrekin».