Radio Euskadin ia zortzi urte egin ostean, PSE-EE Jaurlaritzara eta Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiaren kargura iritsi zirenean, 2009ko ekainaren 26an Boulevard saioko entzuleak agurtu zituen Xabier Lapitzek. Urte hartan, irailean, Onda Vascako goizak gidatzen hasi zen. Eszedentzia hartu du orain Lapitzek Onda Vascan, eta EITBra itzuliko da. Hilaren 19tik aurrera, El jaque saioa zuzendu eta aurkeztuko du Hondarribian jaiotako kazetariak, ETB2n. Astelehenetik ostiralera emango dute saio berria, 12:00etatik 14:00etara.
Lapitzek iragarri duenez, mahai baten bueltan hiruzpalau pertsona ariko dira solasean egunero. «Solaskide gehienak kazetariak izango dira, baina tartean politikariak ere etorriko dira». Horrez gain, zuzeneko konexioak egingo dituzte Eusko Legebiltzarrarekin. Gaur-gaurko gaiei lotutako bideoak egingo dituzte. Platoan zein platotik kanpo, elkarrizketak ere tartekatuko dituzte.
Prime Time ekoizpen etxeak egingo du El Jaque saioa. Hain zuzen ere, etxe horrek egin zuen udaberrian eta udan ordutegi berean Como en casa en ningún sitio, Patricia Gaztañagarekin. Aurreko denboraldian, ETB1erako Euskal Herria Zuzenean saioa egin zuen Prime Timek. Eta programa horretako zuzendaria izan zena, Agustin Ezenarro, Lapitzen saioan ariko da orain.
Lapitzek adierazi du «ilusio handia» duela ETBko programa berriarekin: «Telebistaz ez dakit ezer, baina asko ari naiz ikasten. Pozik eta hasteko gogoarekin nago. Jende berriarekin lanean, gainera».
EITBren Bilboko egoitzan egingo dute saioa.
Xabier Lapitzek 'El jaque' saioa gidatuko du eguerdian ETB2n
Mahai batean solasean ariko dira hiruzpalau lagun, gehienbat kazetariak.Astelehenetik ostiralera emango dute, 12:00etatik 14:00etara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu