Xabi Payaren 'De Rigor Mortis' audio fikzioa estreinatu du EITBk

Audiogile Berriak egitasmoaren irabazlea izan zen Payaren fikzioa. Bigarren deialdia abiarazi dute Tabakalerak eta EITBk: urtarrilaren 10era arte aurkeztu daitezke proiektuak.

Audiogile Berriak eta 'De Rigor Mortis' fikzioaren aurkezpena, atzo, Donostian. MAIALE ANDRES / FOKU
Audiogile Berriak eta 'De Rigor Mortis' fikzioaren aurkezpena, atzo, Donostian. MAIALE ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
2024ko azaroaren 27a
10:00
Entzun

Asier Apaolaza auzi medikuaren lana ez da atsegina. Gorputegira iristen zaizkion hildakoen gorpuei autopsia burutu eta heriotzaren kausa zehaztea ez da beti erraza izaten... Modu horretan deskribatu dute De Rigor Mortis audio fikzioaren lehen atalaren abiapuntua. Audiogile Berriak deialdiaren lehen aldiko irabazlea izan zen Xabi Payak sortutako fikzioa, eta lehen atala estreinatu du jada EITB Podkast atariak. Datozen hiru astearteetan estreinatuko dituzte hurrengo hiru atalak —audio plataformetan ere entzungai izango da—.

Estreinaldi horrekin batera, Tabakalerak eta EITBk Audiogile Berriak egitasmoaren bigarren deialdia aurkeztu dute. Zabalik dago deialdi hori, eta urtarrilaren 10era arte aurkeztu ahalko dira proiektuak. Aurrekoan bezala, aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak garatuko dituzte, gidoi bilakatzeraino. Prozesu horretan, mentore-tutoretza lanetan ariko dira Jose A. Perez Lledo gidoilaria —hainbat soinu fikzio egin ditu— eta Katixa Agirre idazle eta EHUko irakaslea.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak eta Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak ontzat jo dute Audiogile Berriak egitasmoa izaten ari den bidea. «Oso balorazio positiboa egiten dugu lehen aldi honen inguruan», esan du Ormazabalek. Goñi pozik mintzatu da proiektuaren garapenaren inguruan: «Ikusi dugu gidoi baten sorrera; gero, Harkaitz Canoren mentoretzarekin nola gauzatu den proiektua; eta, borobiltzeko, fikzioa nola grabatu den. Tabakaleraren eta EITBren ezagutzak bat egin dute». 

Fikzio gehiago

Lehen aldian, bigarren tokian gelditu zen Enkantea egitasmoa. Garazi Urkolak eta Hodei Arrastoak sortu dute, eta Goñik iragarri du abenduan estreinatuko dutela. Ormazabalek «oso pozgarritzat» jo du deialdian hautatu ziren hiru egitasmoetatik bi grabatu izana, eta orain EITBk estreinatzea.

De Rigor Mortis audio fikzioa Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Ulu Mediaren estudioetan grabatu dute. Ahotsa jartzen aritu diren aktoreen artean, Asier Hormaza, Miren Gaztañaga, Jon Ander Urresti eta Bieuse-ko bikoiztaileak daude. Musika Rafa Ruedarena da. Eta grabaketa Oier Aranzabalen zuzendaritzapean egin dute. Soinu diseinua Aranzabalena berarena, Alai Ormazabalena eta Jon Gartziarena da.

Goñik nabarmendu du «soinu fikzioa sustatzea guztiz estrategikoa» dela EITB taldearentzat. «Aurten zortzi ekoizpen egin ditugu. Ahalegin handia dago hor». Guau plataforma berriarekin, bestalde, datu gehiago eskuan izango dituzte, eta hori lagungarri egingo zaie. «Modu horretan ikusi ahalko dugu soinu fikzioan zer den gehien entzuten dena, zer gustatzen zion jendeari, eta horrek pista onak emango dizkigu hurrengo edukiak egiteko orduan». EITBko Irrati eta Audio zuzendariak iragarri du 2025. urtean apustu horrekin jarraituko dutela.

Audiogile Berriak egitasmoko bigarren deialdira iristen diren proiektuak izan daitezke grabatu ditzaketen batzuk. Maiatzaren amaieran jakinaraziko dute zein izango diren aukeratutako hiru audio-gidoi proiektu onenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.