Podcastak

Xabi Paiaren 'De rigor mortis' fikzioa grabatuko dute, Audiogile Berriak egitasmoari esker

EITBk eta Tabakalerak sortu dute Audiogile Berriak deialdia. Paia izan da irabazlea. Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa gelditu dira bigarren tokian, eta haien 'Enkantea' lana ere grabatuko dute.

Xabi Paia, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa, Audiogile Berriak-en irabazleak. OSKAR MATXIN / FOKU
Xabi Paia, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa, Audiogile Berriak-en irabazleak. OSKAR MATXIN / FOKU
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun

Gorputegi bat. Ebakuntza gelara iristen dira gorpuak, eta auzi mediku bat eta haren laguntzailea lanean ari dira. Iristen diren gorpuak norenak diren eta nola hil diren argituko dute arian-arian. Hori da Rigor mortis soinu fikzioaren ardatza. Xabi Paia gidoigileak sortu du, eta datozen hilabeteetan grabatuko dute. EITBren Guau audio plataforma berrian estreinatuko dute, urtea amaitu baino lehen. Hain zuzen ere, EITBk eta Tabakalerak sortutako Audiogile Berriak deialdiaren lehen aldiko irabazlea izan da Paia. Bigarren tokian gelditu den soinu fikzioa ere grabatuko dute: Enkantea. Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa dira sortzaileak.

Epaimahaiaren arabera, Paiaren lana «maisuki idatzitako euskal fikzioa da, apurtzailea eta ausarta». Urkolaren eta Arrastoaren lanaz, berriz, hau esan du epaimahaiak: «Testuaren indarra, suspensearen aukera eta publiko gaztea erakartzeko ahalmena nabarmendu behar dira».

Audiogile Berriak egitasmora aurkeztu ziren proiektuen artean, hiru aukeratu zituzten lehenbizi. Gidoiak lantzeko aukera izan zuten Donostian, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian, otsailetik maiatzera. Beste proiektu bat ere aukeratua izan zen, hirugarrena, baina EITBk aipatutako biak estreinatuko ditu, oraingoz. Gidoilariek aholkularitza berezia izan zuten gidoiak idazteko, proiektu bakoitzaren eremura egokituta, Harkaitz Cano idazlearen eskutik. Prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izan zituzten. «Ez dago gidoigintza euskaraz lantzeko eskolarik», gogorarazi du Paiak. Hartaz, lehen saria gidoia bera Tabakaleran lantzeko aukera izan zen harentzat. «Cano bezalako katedradun batekin testua lantzeko, mamitzeko eta zalantzak partekatzeko aukera izan genuen. Horretarako denbora izatea urrea iruditu zitzaidan». Arrastoak eta Urkolak ere Canoren mentoretza nabarmendu dute. «Gainera, Jose Antonio Perez Ledoren formakuntza saio intentsibo bat jaso genuen. Esperientzia oso aberasgarria izan zen», diote bigarren gelditu diren sortzaileek.

Paiaren herri fikzioa

De rigor mortis fikzio irabazleak hiru osagarri dituela nabarmendu du Paiak: herri fikzioa, umore beltza eta euskara —«lana ezingo litzateke beste hizkuntza batera itzuli»—. Paiak aitortu du sortzaile gisa azkeneko boladan herri fikzioa ari dela erabiltzen. «Autofikzioa den bezala egileak bere biografia eta fikzioa nahastea, herri fikzioa da Euskal Herriko kultura eta gizarte partekatua fikzioarekin nahasten den literatur generoa. Horrek funtzio soziala izan dezake, komunitatea trinkotu dezake. Izan ere, entzuleek kode batzuk partekatuko dituzte». Fikzio horretan, garrantzitsua izango da auzi medikuaren grabagailua; horretan, euskara batua entzungo da. Baina euskara erregistro desberdinak entzungo dira ataletan: esaterako, zeladoreak noka arituko dira. «Euskalki bereziren bat ere entzungo da». Gidoilariak iragarri du atalak «autokonklusiboak» izango direla. Bestetik, argi du ez duela zuzendari lanik egingo. «Badakit baliabide kopuru ona eskainiko zaiola, eta hori jakiteak poztu nau. Ekoiztetxe batek grabatuko du, zuzendari batekin, eta aktore batzuekin».

Enkantea soinu fikzioaren istorioa, bestetik, 1920. urtean dago girotua. Honatx istorioa bi hitzetan: munduko bitxigilerik ospetsuenetakoa Galarreta jauna zen, eta duela urtebete zendu zen. Urteurrena gogoratzeko, alargunak gertuko lagun batzuk gonbidatuko ditu jauregira asteburua pasatzera. Aitzakia hori hartuta, Galarretaren azken bitxia, gau hontz baten luma forma duen diamantea, enkantean jarriko dute. Halako batean, norbaitek bitxia lapurtuko du. Egileek nabarmendu dute fikziozko podcastak formatu korala duela. «Hamar pertsonaia ageri dira, eta, beraz, hamar aktore beharko ditugu». Arrastoak eta Urkolak esan dute «oso pozik» daudela Audiogile Berriak egitasmoan eman dieten aukerarekin. «Euskaraz soinu fikzioa egiteko txoko ederra sortu dute».

Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digitaleko zuzendariak apustuaren garrantzia nabarmendu du: «EITBrentzat euskarazko audio fikziozko sormena estrategikoa da, mundu digitalerako euskarri eta produktu natiboen etapa ireki baita. Guau-Gure Audioa plataforma badatorrenez, audio fikziozko gidoigintza euskaraz indartu eta bultzatu nahi dugu». Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria «oso pozik» mintzatu da, bi proiektuk errealitate bihurtzeko bidea egingo dutelako. Antolatzaileek iragarri dutenez, Audiogile Berriak II deialdi berria abian jarriko dute Guau plataforman bi podcast irabazleak estreinatzen dituztenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.