SARE SOZIALAK

Whatsappeko kanala da BERRIAren informazioa jasotzeko biderik ezezagunena

Whatsappek iaz eman zuen kanalak sortzeko aukera, eta handik gutxira sortu zuen BERRIAk ere berea.

BERRIAko Whatsapp kanala
BERRIAko Whatsapp kanaleko gaur goizeko mezua.
Julen Otaegi Leonet.
2024ko otsailaren 21a
12:00
Entzun

Hedabideek sare sozialetara moldatu beharra dute ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi izanez gero. Aspaldi da BERRIA Xra, Facebookera eta Instagramera heldu zela, eta, edukiak modu hurbilagoan zabaltzeko xedez, Telegrameko kanala ireki zuen; jada bost urte igaro dituzte irakurleek goizeko eta gaueko mezuak jasotzen. Whatsappek iaz eman zuen kanalak sortzeko aukera, eta handik gutxira sortu zuen BERRIAk ere berea, urrian. Aplikazioko bilatzailean ez da agertzen, oraindik ez baitago egiaztatuta; dena den, esteka honen bidez harpidetu daiteke BERRIAren Whatsapp kanalera. Horra beste norbait gonbidatzeko, partekatu esteka hori.

Agian sortu berria delako, informazioa jasotzeko biderik ezezagunena da BERRIAren irakurleen artean; hori erakutsi du aste honetan egindako inkestak. Ia bederatziehun lagunek erantzun dute, eta gehientsuenak ez dira haren Whatsappeko kanalaren jarraitzaileak. Konparazioa egitearren: ia 1.500ek jarraitzen diote kanal horri; ia 7.000k Telegramekoari; 91.000k Xkoari; 36.000k Facebookekoari; eta 26.000k Instagramekoari.

Telegramen antzera, Whatsappen goizero eta gauero bidaltzen dira mezuak unean uneko albisterik esanguratsuenekin, eta azken ordukoak jasotzeko tresna ere bada, jakinarazpenak heltzen baitira sakelakoetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.