Diskoteka bat, gauez. Iluntasun zaratatsua. Bi gaztek elkar ezagutu dute. Alkohola eta erakarpena tarteko, sutsuki hasiko dira sexu jolasean. Non eta komunean. Baina sexu jokoaren unerik gorenean jabetuko dira itsatsita gelditu direla. Larrialdietara joan beharko dute. Egoera horretan, Instagramen kontatzen hasiko dira bizitzen ari direna. Jarraitzaileak igo ahala, tentsio egoeraren erdian elkar ezagutzera kondenatuta egongo dira bi gazte protagonistak. Hori da Itsatsita websail bertikalaren istorioa. EITB taldeak sortu du, eta bihar hasiko dira atalak ematen —hiru atal lehen egunean—. Etzi hasita, berriz, egunero atal bat igoko dute Instagrameko eta Tiktokeko @itsatsita_eitb kontuan (19:00etan). Gaztea irratiaren Instagrameko kontuan ere ikusi ahalko dira ataletako batzuk.
Atal bakoitza oso laburra da, 90 segundokoa. Instagram reels delakoak ere denbora tarte horretakoak baitira. Orotara 37 atal labur izango dira, eta urriaren 18an emango dute azkenekoa. Urriaren 19tik aurrera, berriz, Primeran plataforma berrian Itsatsita fikzio osoa ikusi ahalko da.
Atalen erdiak musikalak dira. Eta musika duten atal horiek guztiak Gaztearen sare sozialetako profiletan zabalduko dituzte.
EITBLAB laborategia aritu da fikzioaren lanketaren atzean. Kataluniako Pegados antzezlana ezagutu zutenean, lan horretako gidoilariekin harremanetan jarri ziren, eta euskarazko websaila egiteko eskubideak eskuratu zituen EITBk. Alicia Serrat, Joan Miquel Perez eta Ferran Gonzalez dira antzezlan katalanaren sortzaileak. Euskarazko bertsioa banaketa leiho eta lengoia berrietara egokitu dute.
Ondotik, EITBLAB laborategiak fikzioa egiteko deialdia egin zuen, eta Pausoka ekoiztetxeak irabazi zuen. Euskarazko lanaren eduki arduradunak Xabier Zabaleta eta Carlota Ezkiaga dira. Irudi zuzendaria Jon Rodriguez da. Eta musika zuzendaria, berriz, Joli Paskualena.
Websailean umorea, tentsioa, musika, aitortzak eta bizitzako gorabeherak uztartuko dituzte. Ospitaletik irteten direnean, ordea, bi gazte protagonistak jada ez dira sartu zirenak izango.
Miren Arrieta eta Gari Uriarte
Itsatsita websaileko bi aktore protagonistak Miren Arrieta eta Gari Uriarte dira. Arrietak hainbat telesail, film eta antzezlanetan parte hartu du —ETB1eko Go!azentelesailean aritu da hainbat denboralditan—. Uriarte, berriz, Dupla musika taldeko abeslaria da—musika urbanoa egiten du—. Aktore bezala, bere estreinaldiko lana da Itsatsita websailekoa.
Hainbat ataletan agertzen da, bestetik, Iker Huitzi Demode Quartet musika taldeko kidea. Antena3 kateko La Voz saioko finalera iritsi zen Huitzi.
Fikzio osoa jarraian hasi eta buka ikusi nahi duenak Interneteko Primeran plataformara jo beharko du, urriaren 19tik aurrera. Primeran doakoa izango da, eta ostiral honetatik aurrera egongo da erabilgarri —erregistratu baino ez da egin beharko edukiak ikusteko—.
Websail musikala eta bertikala
EITBk 'Itsatsita' fikzioa estreinatuko du bihar. Instagramen eta Tiktoken jarriko dituzte 37 atalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu