Webgune berria du 'Alea'-k

Sakelakoetan argi eta erabilgarri agertzeko prestatu dute. Lau urte bete ditu Arabako aldizkariak

Alea-ren Interneteko trafikoaren %65 sakelako telefonoetatik iristen da. ARABAKO ALEA.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Joan den hilean lau urte bete ziren GEU elkarteak, BERRIAk eta Goiena komunikazio taldeak Alea euskarazko hedabidea martxan jarri zutenetik, Araban. Aldizkariak paperezko edizioaren itxura aldatu zuen duela urtebete, eta, orain, Interneteko eskaintza berritzeari ekin diote. Atzo aurkeztu zuten atari berria. Aldaketa arlo guztietan nabari baldin bada ere, webgune berria bereziki sakelakoetan argi eta erabilgarri agertzeko prestatu dute. Era berean, edukiak sare sozialetan erraz partekatzeko moldatu dute.

Aritz Martinez de Luna Alea-ko zuzendariak nabarmendu duenez, atari berriak antolatuago erakusten du informazioa, eta informazioaren lagungarri diren gainerako materialak ere eskuragarriago dituzte hartzaileek: irudi galeriak, bideoak, audioak eta abar. «Webgune berriak Araba osoko aktualitateari buruz ahalik eta modu bizkorrenean informatzea izango du helburu», iragarri du Martinez de Lunak. Alea aldizkariak astero argitaratzen dituen edukiak ere jasoko ditu webguneak, «modu erakargarrian». Aleakideen txokoa ere izango du webguneak: zozketak, opariak eta bestelako abantailak jasoko dituzte bertan Aleakideek.

Nabigazio menuak sinplifikatu dituztela nabarmendu du Alea-ko zuzendariak. «Argazkiak eta bestelako ikus-entzunezko edukiak ikusarazteko teknologia hobetu egin da, halaber. Webgunea estetikoki erakargarriagoa izan dadin saiatu gara».

Astekariko kazetarientzat edukiak kudeatzeko sistema hobetu dutela gaineratu du Martinez de Lunak: «Webgunearen egitura malguagoa izan zedin saiatu gara: une berezietan edukiak nabarmendu ahal izatea, azken ordukoak argitaratu ahal izatea, atal bereziak sortzea, gai jakin batzuei buruzko azpiwebguneak sortzea...».

Sakelakoei garrantzia emateak badu bere arrazoia: 2016an, bisiten %40 iristen zitzaizkien sakelakoetatik; eta gaur egun, %65. «Teknologia aldaketak kontsumo ohiturak aldatzea eragin du: bisita iraupena laburragoa izaten da, eta orrialde batera sartu-irtena egitea ohikoagoa da. Webgune barruan nabigatzeko ohitura galdu egin da».

Irratian, 'Alea FM'

Proiektuak lau urteko bidea egin baldin badu ere, Martinez de Lunak aitortu du oraindik badirela Alea ezagutzen ez duten herritarrak. «Prentsa euskaraz irakurtzeko ohitura ez duten irakurleak gurera erakartzen asmatu behar dugu, ezinbestean. Kalitatezko produktuak eskaintzen baditugu, interesa erakartzen badugu eta herritarren artean erreferentzialtasuna lortzen badugu, ziur gaude etorkizunean hazten jarraitzeko aukera izango dugula».

Paperezko aldizkariaz eta Interneteko eskaintzaz gain, Alea FM izeneko irratsaioa egiten dute hedabideko kazetarien eta kolaboratzaileen artean. Radio Vitoriak asteartetan ematen du, 17:00etatik 18:00etara —euskarazko saio bakarra da—, eta Hala Bedin asteazkenetan entzun daiteke, 21:00etatik 22:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.