'Wazemank'-en zikloa itxita, 'Finlandia' iritsiko da otsailean

Anjel Alkainek zuzenduko duen umore saio berria larunbat gauetan emango dute, ETB1 katean

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Wazemank-ek egin ditu bereak, eta Finlandia-ren aroa hasiko da otsailean. Larunbat gauetan ikusi ahalko da, ETB1 katean, Anjel Alkainek zuzenduko duen programa berria. «Wazemank-eko talde berdintsua izango gara, baina platora itzuliko gara», aurreratu du Alkainek. «Platoan umorea egiten ahaleginduko gara, eta informatu ere egingo dugu, modu umoretsuan».

Hamar minutuko atalez osatua egongo da saio berria; «denbora pasatzeko atalez, alegia». Zinemaz eta bideo jokoez hitz egingo dute, adibidez, Wazemank-eko aktoreek erabili ohi duten estiloarekin. «Atal batzuk barre egiteko izango dira, eta beste batzuk, denetariko gaiez modu xelebrean hitz egiteko». Wazemank saioaren aldean, guztiz ezberdina izango da Finlandia formatu aldetik.«Esketxik ez da egongo. Hori bai, parodiak egon daitezke. Esate baterako, Kerman, mintzalagun bila saioaren parodia bat egingo dugu, gaztelaniarekin».

Platoan norbait elkarrizketatuko dute larunbatero. Umorez betetako elkarrizketak izango dira betiere. Astero gonbidatu bat edo bi izango dituzte. Eta elkarrizketa horien erdian pertsonaiak agertuko eta imitazioak egingo dituzte.

On: Time ekoizpen etxeari eskatu dio ETBk programa berria, larunbat gauetarako. «Ordu horretan umore familiarra egingo dugu», azaldu du Alkainek. Gidoilari taldean lagun berriak izango dituzte aurki.

Halaber, Euskadi Irratiko Oilategia irratsaioarekin jarraituko du Alkainek, denboraldia bukatu arte. «Telebistako formatua baldintzatuta dago horregatik ere. Irratiko programa oso ondo doa, datu onekin».

Alkainek ziurtatu du Wazemank-en zikloa itxi dela. «Formatu horrek ez du jarraipenik izango, nahiz eta primerako emaitzak izan dituen. Oso kontentu gaude Wazemank-ek egindako bidearekin».

'Noaoa!', 'Brinkola'...

Anjel Alkainen taldeak, tartean Ainere Tolosa, Egoitz Lasa, Mikel Pagadizabal eta Jon Iraola zirela, 2005. urteko udan estreinatu zuen Wazemank, ETB1en. Ordutik ETBko euskarazko umorearen erreferente bilakatu dira. Ikusle datu apartak lortu zituzten 2005etik 2007ra, nahiz eta saioa egunez bost aldiz aldatu zuten. 2007. urtean Noaoa! saioa sortu zuten, platoan egindako programa. Hurrengo denboraldian, 2009ko apirilean, Brinkola telesail xelebrea estreinatu zuten. Asier Altuna eta Telmo Esnaol zinemagileen zuzendaritzapeanaritu zen aktore taldea proiektu horretan.

Wazemank-ek, berriz, 2.0 eta 3.0 bertsioak izan ditu azkenaldian. 2010eko otsailean, Wazemank 3.0 hasi zen, pertsonaia zahar eta berriekin. Azken atal sorta larunbat gauetan eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.