Nazioartean sona handiko sortzailea da Vince Gilligan. Harenak dira, besteak beste, Breaking Bad eta Better Call Saul telesailak. Zientzia fikziozko drama bat du bere hurrengo telesaila: Wycaro. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanaria uharteetako (Espainia) herri batean egin dituzte hainbat grabaketa. Eta egunotan Getariako (Gipuzkoa) hotel batean filmatuko dituzte sekuentzia batzuk; Askizu auzoko hotel batean, hain zuzen. Grabaketa egunetan, bestalde, ekoizpenaren langileak Zumaian (Gipuzkoa) egongo dira —herri hori izango dute bizitoki, eta bertan gordeko dute filmaketarako materiala—. Han dira jada.
Euskal Herrian grabaketa gehiago ere egingo ditu Gilliganen telesail berriak: Bilbon.
Wycaro telesaileko aktore protagonistak Rhea Seehorn eta Karolina Wydra dira. Seehornek lehendik lan egin izan du Gilliganekin: Better Call Saul telesailean Kim Wexler abokatuaren rola jokatu zuen. Hainbat sari jaso zituen aktoreak pertsonaia horri esker. Wydra Polonian jaioa da, eta telesail ezagunetan parte hartu du: House, Marvel's Agents of Shield...
Gilliganen telesail berria Apple TV Plus ordainpeko plataformak estreinatuko du datorren urtean. Lehen bost atalak filmatuak dituzte dagoeneko, baina ez dute jakinarazi zenbat atal izango diren orotara.