'Vilaweb'-ek lau kazetaritza liburu argitaratuko ditu urtean

Lehen liburua 'Tres dies d'agost' izango da; Josep Nualartek ikerketa egin du iazko abuztuan Carles Puigdemontek Katalunian egin zuen sartu-irtenaren inguruan.

'Vilaweb' hedabidearen kazetaritza liburuak. VILAWEB
'Vilaweb' hedabidearen kazetaritza liburuak. VILAWEB
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Vilaweb hazi egin da, eta orain liburuak ere argitaratuko ditugu. Liburuak ez dira euskarri hutsa: irakurtzeko modu bat ere badira, informazioarekin erlazionatzeko modu bat». Hala idatzi du Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendariak, katalanezko hedabide horrek kazetaritza liburuak argitaratuko dituela jakinarazteko artikuluan.

Katalanezko Vilaweb hedabideak 30 urte bete ditu aurten, eta egitasmo berria da liburu bildumarena. Lau kazetaritza liburu argitaratuko dituzte urtean, hiruhileko bakoitzean bat, eta, askotan, erredakzioan egin dituzten ikerketa sakonak eramango dituzte liburuetara. Modu horretan, hedabideak Herrialde Katalanetako errealitatearen analisian sakondu nahi du.

Liburu bilduma harpidetza bidez eskuratu ahalko da: urtean 68 euro ordainduta, harpidedunek etxean jasoko dituzte liburuak. Vilaweb-eko harpidedunek merkeago izango dute liburu bildumaren harpidetza: 64 eurotan. Dena den, herritarrek banan-banan ere erosi ahalko dituzte liburuak.

Udaberri honetan argitaratuko dute bildumako lehen liburua: Tres dies d’agost (Abuztuko hiru egun). Lan horretan, 2024ko abuztuaren 8an izan ziren gertakarien kronika egin du Josep Nualart Casulleras kazetariak. Carles Puigdemontek Belgikatik Kataluniara egindako bidaia kontatu du kazetariak, baita haren agerraldia eta Belgikara itzultzeko bidea ere. Hainbat lekukorekin hitz egin du Nualartek, abuztuko egun haietan zer gertatu zen zorrotz kontatzeko.

Carles Puigdemont, Bartzelonan, 2024ko abuztuaren 8an.
Carles Puigdemont, Bartzelonan, 2024ko abuztuaren 8an. ANGEL GARCIA

Esperança Camps kazetariak idatzi du bildumako bigarren liburua izango dena: Els morts de Mazón (Mazonen hildakoak). 2024ko urriaren 29an, tanta hotzak sekulako hondamendia eragin zuen Valentzian. 227 hildako izan ziren. Eta hain zuzen, egun hartan bizi izandakoa bildu du Campsek, biktimen lekukotza jasota eta Carlos Mazon Valentziako Gobernuko presidentearen egun hartako jarduna ikertuta.

Hirugarren liburua Xavier Montanyaren Contra el silenci i la impunitat (Isiltasunaren eta inpunitatearen aurka) izango da, eta laugarrena, Vicent Partalen Entendre els mapes (Mapak ulertzea).

«Ezin lo hartu»

Vicent Partalek nabarmendu du Vilaweb erreferentziazkoa dela katalanezko komunikazio esparruan. «Hori ez du inork auzitan jartzen. Baina horrek behartu egiten gaitu, aldi berean, lo ez hartzera eta lanean jarraitzera gure 25.000 harpidedunak eta webgunera sartzen diren milaka irakurleak asetzeko». Partalen arabera, egunkari digitalek beren mugak dituzte. «Muga nagusia presa da. Dena egiten eta desegiten da, dena idazten eta transformatzen da abiadura sideralean». Beste herrialde batzuetan ere kezka bera dute. «Eta bada kazetaritza mota bat tartea behar duena arnasteko, garatzeko eta istorio konplexuak kontatzeko, lerroburu batean edo hiru paragrafotan kabitzen ez dena, eta ez litzatekeena minutu gutxi batzuetan kontsumitu behar». 

Nazioarteko hainbat komunikabide hartzen ari diren erabakiei begira ari da Vilaweb. «Guretzat, Eslovakiako Dennik N hedabidea inspiratzailea da, eta gure estrategia definitzen lagundu digu. Frantziako Mediapart-ek ere, adibidez, erakutsi du ikerketa kazetaritzak denbora eskatzen duela, eta kazetaritza mota hori beharrezkoa dela». Hausnarketa horren testuinguruan abiarazi du Vilaweb-ek liburu bilduma. «Gure lana gizarteari zerbitzua emateko modu zintzo bat da, baita Herrialde Katalanen eraikuntza nazionalean laguntzekoa ere», gaineratu du Partalek.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.