Balearretako Gobernuko (Herrialde Katalanak) presidenteak kutxa bat jaso du. Zabaldu, eta arratoi bat topatu du bertan. Handik egun batzuetara, etxeko hozkailuan, beste arratoi handi bat. Horren berri izango dute Palmako egunkari batean. Kazetariak ikertzen hasiko dira. Baina ezer ez da dirudiena. Ustelkeria ez dago geruza bakarrean. Lan publikoak, ehorzketa etxeak, catering zerbitzuak eta kazetaritza bera ustelkeriak zipriztinduta daude. Sicilia sense morts katalanezko telesaila ustelkeriaz mintzo da, baina baita kazetaritzaren botereaz zein boterearen atzaparrek jende xehean izan dezakeen eraginaz. Balearretako IB3 telebista publikoak udazken honetan eman du fikzioa, eta Filmin plataforman ere ikus daiteke.
Guillem Frontera idazlearen 2015eko izen bereko eleberrian dago oinarrituta telesaila. Xavier Uriz eta Toni-Lluis Reyes dira gidoilariak, eta haiek hasi ziren telebista autonomikoarekin lehen gidoiak osatzen. Proiektua martxan zegoela sartu zen Lluis Prieto zuzendaria. Azaldu duenez, hasieran trama eta pertsonaia batzuk zabaldu egin ziren ikus-entzunezkoen hizkuntzara egokitzeko. «Nik itzalean gelditu ziren eleberriaren osagai batzuk berreskuratu nituen. Garrantzitsua iruditu zitzaidan eleberriari heltzea». Ez da eleberri luze bat Fronterarena. «Ez da The Godfather edo mafiari buruzko lan mardul bat. Tokiko istorio txikiago bat da, pasadizoz betea». Pasadizioetako batzuk benetako gertaeretan oinarrituak dira.
Izan ere, Palman makina bat ustelkeria auzi azaleratu dira azkeneko urteetan. Prietoren iritziz, ustelkeria gizartearen sintoma bat da: «Sistema kapitalistak eta indibidualismoak eragiten dute ustelkeria; sentimendu kolektiboa galtzen den unetik hasten da», gaineratu du. Are gehiago: «Ustelkerian murgiltzen diren batzuek ez dute uste horretan ari direnik ere, baizik eta haien berezko eskubideak gauzatzen ari direla».
Uharte bat da Palma, ez oso handia. «Toki itxi bat da, eta ustelkeria auzi asko gertatu dira. Baina, duela gutxi arte, jendeak beste alde batera begiratzea nahiago zuen». Noos auziarekin eta beste batzuekin, ordea, azkenaldian herritarrek ustelkeriari gehiago begiratzen diotela nabarmendu du zinemagileak. «Lan asko dago egiteko, hala ere. Auziak gelditzen dira argitzeko; joango dira argituz».
Kazetaritzaren boterea
Telesaila kazetaritzaz ere mintzo da. Pertsonaia protagonistetako bat Aina kazetari gaztea da —Mar Fiol aktoreak jokatzen du—. Munduari egia kontatu nahi dio hasieran. «Oinarrian zintzoa da kazetaria», aipatu du Prietok. Baina prozesu bat bizi du pertsonaiak, eta kazetaritzaren «alde iluna» ikusten bukatzen du. «Ustelkeriaren tresna bat gehiago izan daiteke kazetaritza une batzuetan». Telesaila kazetari horren ikuspegitik begiratu daiteke, halaber. «Hala, pertsonaiak bere profesioaren erromantizismoa galtzen du, gauzak gertatu ahala».
Egunkari txiki baten erredakzioa ageri da fikzioan. Berebiziko garrantzia du traman kazetari beterano batek, kazetako zutabegile ospetsuak: Mateu —Josep Tosar aktoreak hezurmamitzen du—.
Telesailak ez du aparteko ikusle daturik lortu IB3 katearen ohiko emankizunetan. Baina Interneten «oso harrera beroa» izan duela nabarmendu du Prietok. «Pandemiatik, aldatu egin da ikus-entzuleen kontsumoa: entretenimendu saioak ikusten dira telebistan, baina telesailak Interneten ikusten dira, kate autonomikoaren webgunean». Filmin plataforman eta IB3ren webgunean ikusle gehiago izan ditu fikzioak emanaldi linealean baino.
Filminek hasieratik azaldu du interesa proiektuaren gainean. «Guretzat zoragarria da beste lurralde batzuetako herritarrek egiten duguna ikustea. Filminen gero eta gehiago ikusi ahala, Balearretan kontsumoa handitu egin da». Prietok lan egin duen beste bi telesail ere Filminen daude: Treufoc eta Mai neva a ciutat.
Aurrera begira, tankerako lanetan aritzeko gogotsu dago Prieto. Badira urte batzuk Balear Uharteetan tokiko fikzioa egiteko ahaleginetan ari direla. «Ohikotik atera den ildo bat dago. Balearrak kalitatezko fikzioaren mapan kokatzen saiatuko naiz, ohiko kostunbrimostik harago joz». Iragarri du gizartearen sakoneko gaiez aritu nahi duela. Halakoa da, esaterako, Sicilia sense morts.
Ustel usaina Balearretan
Balear Uharteetako IB3 kateak ustelkeriaren inguruko istorio bat kontatu du 'Sicilia sense morts' telesailean. Izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Interneten harrera beroa izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu