Cristina Tapia Huizi. Kazetaria

«Uste dugu podcasten bolada hau ez dela burbuila bat izango»

Astegunetan 'Ispilu beltza' saioa gidatzen du Tapiak Donostia Kultura irratian, Oier Aranzabalekin batera. 'Tabakalera hotsak' podcasta ere aurkezten du, bi astean behin. «Taldeko lana» nabarmendu du.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Noticias de Gipuzkoa egunkarian eta Maramara taldean lan egindakoa da Cristina Tapia kazetaria (Bera, Nafarroa, 1982). Ulu Media ekoiztetxearen zenbait proiektutan ari da orain.

Tabakalera hotsak podcastaren lehen bi atalak sarean dira entzungai. Bakoitzean proiektu bereko bi ahots entzun dira. Tankera berekoak izango dira hurrengoa sei atalak?

Tabakalera hotsak podcastean nik jartzen dut ahots nagusia, baina lantalde bat dago atzean; edizioan Oier Aranzabal dago, eta gidoigileak Xabier eta Martin Etxeberria dira. Podcastaren atal bakoitzak bere izaera du, proiektuaren arabera: batzuetan bi ahots izango dira, baina beste batzuetan ahots bakarra egongo da, eta beste modu batean egituratuko dugu atala.

Tabakalera kultur zentroak berak nola parte hartzen du?

Haiekin batera gai zerrenda bat lantzen dugu; gaiak adostuta daude zentroko komunikazio arduradunekin. Podcastaren sorreran bat egin dugu kasualitatez, bilera baten testuinguruan.

Tabakalerak ematen al du bi astean behin podcast bat egiteko adina?

Eta gehiago. Tabakaleran gauza aunitz egiten dira: batzuek oihartzun handia dute, eta beste batzuek, ez hainbestekoa. Baina astean behin podcasta egiteko ere emango luke. Medialabeko jarduera, adibidez, sekulakoa da. Tabakaleraren ekosisteman dauden beste erakundeen ekitaldiak ere hor daude.

Podcastean esperimentatzeko aukerarik izango al duzue?

Bai, izango dugu. Podcast bat grabatzen dugunean ez dago gidoirik, hau da, gidoia sortzen da grabazioak bukatzen direnean. Prestatuta daukagu zein izango diren pertsonaiak, eta pentsa dezakegu zer hari eta egitura nahi ditugun, baina baliteke norbaitekin gelditzea eta kontua aldatzea. Gerta daiteke norbaitek espero gabeko gauza interesgarri asko kontatzea, eta horrek eman diezazuke jokatzeko aukera gehiago. Adibidez, aurrekoan espaziora suziri bat jaurti nahi duten gazte batzuekin egon ginen.

Donostia Kultura irratian Ispilu beltza saioan aritzea lagungarri egin zaizu podcast berriari heltzeko orduan?

Uste dut urteak pasatu ahala kazetariok daukagun esperientziak balio digula hurrengo lana hobeto egiteko. Herritar eta erakunde gehiago ezagutzen dituzu, eta horrek ezagutza bat ematen dizu. Ispilu beltza-k eta aurreko lanek aukera eman didate ikuspegi zabalago batekin lana egiteko.

Nola doa Ispilu beltza?

Hagitz ondo doa. Donostian kulturarekin lotuta egiten denaren berri ematen dugu. Bi ordu dira egunero, eta saiatzen gara komunikabide handietan agertzen ez diren pertsonei ere ahotsa ematen: elkarte txikiak, konpainia txikiak... Artista handiak ere egokitzen dira saioan, noski.

Kolaboratzaileek aukera ematen dizuete saioa osatzeko.

Zinemaz aritzen dira Kresala zineklubekoak eta Josemi Beltran Donostiako Kulturako zinema unitateko zuzendaria; liburuzainek ostiralero dute tartetxo bat, eta Mikel Iturriak Donostiako kultur agendaren berri ematen du.

Oier Aranzabalekin egunero aritzeak mikro aurrean kimika ona izatera eraman al zaituzte?

Oier Noticias de Gipuzkoa-tik ezagutzen nuen. Urteak pasatu ahala, gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar. Desberdinak gara, baina osagarriak. Gustura gaude.

Dagoeneko irratsaioaren 380 atal egin dituzue. Luzaroan aritzeko ilusioz zaude?

Bai, printzipioz ez daukagu iraungitze datarik. Saio mordoa dira 380; lana dago atzean. Sarri esaten dugu asko ikasten dugula, pertsona berriekin hitz egitea egokitzen zaigulako eta beti dagoelako norbait berezia. Lan dinamikoa da.

Podcastak boladan daude. Garai egokian sortu da Ulu Media?

Orain arte izan dugun esperientziak erakusten digu baietz. Uste dugu podcasten bolada hau ez dela burbuila bat izango. Lan pilo bat daukagu: proiektu batzuk guk bilatu ditugu, eta beste batzuk gure bila etorri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.