Urumeako Kronika euskarazko hedabidearen aldeko jaialdia egingo dute gaur, Hernanin (Gipuzkoa). 17:00etan hasiko da festa, Galarretako aparkalekuan, herri kirolen ikuskizun batekin. Eskualdeko kirolariek hartuko dute parte: Andoni Mujika Anatx eta Andoni Saizar harria jasotzen ariko dira, eta lau harri edukiko dituzte bizkarreratzeko. Aizkolarien kirol ikuskizuna ere izango da, eta, bitartean, Hernaniko bertsolariak kantuan ariko dira.
Herri kirolen ikuskizunaren ostean hasiko da erremontisten lehen partida Galarretako pilotalekuan. 18:00etan aterako dira kantxara Urriza eta Zubiri, Segurola eta Juanenearen aurka lehian aritzeko. 20 tantora iritsita eta bigarren partida hasi bitartean, Ttarla dantza eskolako haurrek lehenengo emanaldia egingo dute. Dantza bukatu bezain pronto hasiko da bigarren partida: Jabalera eta Barrenetxea IV.a, Aldabe eta Azpirozen aurka. 19:30ean hasiko da finala, baina aurretik Ttarlako haurrek bigarren emanaldi bat eskainiko dute. Eskualdeko sortzaileen postuak egongo dira frontoian bertan.
Gastronomiaz gozatzeko tartea ere izango da. Horretarako, Galarretako tabernak irekiko dituzte, eta sagardo dastaketa egiteko aukera ere izango da. Eskualdeko 22 sagardotegik hartuko dute parte jaialdian.
Sarrerak 14 euroren truke daude salgai; Kronika-ren bulegoan eros daitezke, edo egunean bertan, Galarretan. Sarrerarekin batera, edari eta pintxo bana doan dira; eta 10 urtetik beherako gazteentzat, sarrera doan izango da.