Komunikazioa

'Urumeako kronika' eraberrituak ibarreko ahotsak bilduko ditu gaurtik

Hernaniko, Ereñotzuko, Astigarragako, Aranoko eta Goizuetako albisteek tokia izango dute komunikabidean

Urumeako Kronika-ko langileak, Hernaniko egoitzan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Hernani
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ibar baten oihartzuna izateko xedearekin argitaratuko dute gaur Urumeako Kronika-ren lehen zenbakia. Gaurtik, Hernani, Ereñotzu,Astigarraga (Gipuzkoa), Arano eta Goizueta (Nafarroa) elkarrengandik hurbilago daude. Urumea ibarreko herrietako ahotsak bilduko ditu komunikabideak. Webgunean egunero-egunero, paperean larunbatero. Horrez gain, asteazkenean Astigarrak Kronika propioa izango du. Hernanin, orain arte bezala, eguneroko maiztasuna izango du paperekoak. Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak bultzatu du egitasmoa.

«Ibarreko herrien arteko harremana naturala da», azaldu du Esti Zeberio Kronika-ko kazetariak. Nahiz eta Goizueta eta Arano Nafarroako udalerriak izan,«betidanik» egon da herrien arteko harremana. «Administrazio aldetik hala ez bada ere, funtzionatzeko eran bada ibar bat», gaineratu du Anne Arbelaitz hedabideko kudeatzaileak. Izan ere, urteetan Urumea ibaiak elkartu ditu ibarreko herriak. Egun ere, «nabaria» da joera hori, bai hezkuntzan, lan arloan, kirolean, aisialdian...

Hernaniko kronika-ren orain arteko filosofiari eta egindako bideari eutsiko dio hedabideak; euskara hutsean izango da, eta doan banatuko dute. «Ez dugu hutsetik hasi bidea», dio Arbelaitzek. Egunkaria herri horietara iritsi ohi da, eta argitaratu izan dituzte herri horien inguruko albisteak. «Hemendik aurrera leku propioa izango dute», dio kudeatzaileak.

Orain arte zortzi orrialdeko egunkaria egiten zuten Hernanin larunbatean. Gaurtik, ibarreko gainontzeko herrietako albisteak gehituko dizkiete, eta, gutxienez, hamasei orrialde izango ditu. «Eguneko albisteak bilduko ditugu, baina landutako elkarrizketek eta erreportajeek tartea izango dute», argitu du Zeberiok.

Iragan asteazkenean kaleratu zuten Astigarragako lehen argitalpena. «Aurkezpen moduko bat zen. Kronika-k nolakoa izan behar zuen erantzun ziguten herritarrek», diote.

Interneten aldeko «apustu garbia» egin dute, eta webgunea indartu. www.kronika.net helbidean Urumea ibarreko herrien egunerokoa irakur daiteke. Herri bakoitzak bere atala du, eta argazki eta bideo galeriak daude ikusgai. Gainera, irakurleen parte hartzea sustatzeko Herritarren txokoa atala sortu dute. Bideoak, argazkiak eta albisteak jar ditzakete horra. «Uholdeak direla, istripu bat izan dela... informazioa partekatzeko aukera dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.