Ahoz aho dabil azkeneko asteetan. Ahoz aho herritarren artean, baina baita politikari eta agintarien artean ere. «Telesail honek argi ematen du hainbat gairen inguruan, hain justu jende askok nola erantzun ez dakien gaien inguruan», esan zuen duela egun batzuk Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek. Etxeetako pantailetatik harago ari da zabaltzen Adolescence telesaila (Netflix), eta Erresuma Batuko erakundeek aukera eman dute bigarren hezkuntzako ikastetxeetan fikzio hori doan ikusteko. BBCri egindako adierazpenetan, zera gaineratu zuen Starmerrek: «Telesailak ez ditu hizpide hartzen soilik gazteak kezkatzen dituzten kontuak: auzi horiek guraso gehienei ere pizten diete kezka». Fikzio lan horretan, mutiko nerabe batek bere adineko neska bat hiltzen du, eta Internet bidez gazteen artean zabaltzen diren diskurtso misoginoak daude istorioaren muinean.
Netflix plataforma Erresuma Batuko telesail horren ikusle datuak ematen ari da azkeneko asteetan, oso arrakastatsua den seinale. Duela hilabete eskas estreinatu zuten Adolescence, eta dagoeneko 114,5 milioi ikustaldi izan ditu mundu osoan. Gehien ikusi diren ingelesezko telesailetan laugarrena bihurtu da jada —joan den astean bederatzigarren postuan zen—. Hain zuzen ere, azkeneko egunetan telesail hauei hartu die aurrea ikustaldi kopuruan: The Queen's Gambit, The Night Agent, Fool Me Once eta Bridgerton-en aurreneko denboraldia eta hirugarrena.
Martxoaren 13an estreinatu zuten Adolescence —lau atalez osatua dago, eta euskarazko azpidatziekin ikus daiteke—, eta azkeneko astean lehen tokiari eutsi dio Netflixen. Beraz, Gone Girls: The Long Island Serial Killer eta Pulse lan berrien aurretik gelditu da egunotan.
Bigarren denboraldiaz hizketan
Plan B Entertainment ekoiztetxea —Brad Pitt aktorea da jabeetako bat— hizketan hasia da Netflix plataformarekin Adolescence telesailaren bigarren denboraldiari buruz. Dede Gardner eta Jeremy Kleiner ekoizleak, halaber, elkarrizketan ari dira telesailaren zuzendari Philip Barantinirekin. Stephen Graham da telesailaren sortzaileetako bat —protagonistaren aitarena ere egiten du—, eta Kleiner ekoizleak adierazi du itxaropentsu dela atal berriei eta Grahamen parte hartzeari dagokienez. Gardnerrek, bestalde, esan du indarkeria matxista «gizarte arazo garrantzitsua» izan dela azkeneko urteetan, eta «harro» daudela gaia milioika ikus-entzulerengana iritsarazi dutelako. Ekoizleek gaineratu dute atalak plano sekuentzian grabatu izana «funtsezko osagaia» izan dela. «Ez da trikimailu bat. Gaiarekin bat egiten zuen modu horretan filmatzeak», adierazi du Gardnerrek Deadline hedabidean.

Urteko fenomenoa da, oraingoz, Adolescence. Hala ere, bada beste telesail bat marka guztiak hausten ari dena: Squid Game (Txipiroi jokoa). Lehen denboraldiak 265 milioi ikustaldi baino gehiago izan zituen —lehen 91 egunetako datua da, eta gorantz egin du geroztik—. Eguberrietan estreinatu zuten bigarren denboraldia, eta lehen 11 egunetan 126,2 milioi ikustaldi izan zituen; 152,5 milioi ikustalditik gora ditu jada, eta Netflixen inoiz gehien ikusi diren telesailen artean hirugarrena da. Netflixek ekainaren 27an estreinatuko du hirugarren eta azken denboraldia.
Gehien ikusi diren telesailen artean bigarrena Wednesday da. Aurten estreinatuko dute bigarren denboraldia.