Urtebete 'Dunbala'-ka

'Badok' atariaren euskal musikari buruzko podcastak 24 atal sareratu ditu hamabi hilabetean

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak, Dunbala musika podcastaren esatariak. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Egunotan urtea bete da Dunbala podcastaren lehen atala sareratu zenetik, eta, orduz geroztik, halako 24 egin dituzte Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek. Euskal musika ikuspegi askotatik lantzen dute podcastean. Badok atariak ekoizten du egitasmoa, eta bi ostiralean behin egiten dute saioa —Badok-en eta BERRIAren webguneetan entzun daiteke—.

Salvadorrek kazetaritza ikasi zuen, eta «beti» egon da musikari lotua. «Euskal musikarekin lotutako zerbait egin nahi nuen, eta Badok plataformara jotzea egokitzat jo nuen. Badok-eko koordinatzaile Jon Eskisabelek komentatu zidan halako zerbait egiteko asmoa zutela. Proposamena egin nien, eta aurrera».

Ez zuten lanerako tokirik, eta lehen grabaketak Donostiako Ttan Ttakun irrati librean egin zituzten. Baina pandemia iritsi zen, eta, horrekin batera, konfinamendua. Orduan, esatari bakoitza bere etxetik hasi zen podcastean lanean. «Etxean aritzeak funtzionatu zuen, eta horrela jarraitzea erabaki dugu», azaldu du Salvadorrek.

Hamabi hilabete joan dira ordutik, eta esatariek balantze «ona» egin dute. «Jende interesgarri asko elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Musikaren munduko jendeak ere eskertzen du horrelako saioak eta tarteak egotea», gaineratu du Salvadorrek.

Nahiz eta aurretik dokumentazio lanean aritzen diren, Salvadorrek esan du atal bakoitzaren gidoia ez dela guztiz zurruna izaten: «Datuak ondo ematen saiatzen gara, baina lagunarteko solasaldi bat egiten ere saiatzen gara».

Urtebete honetan atal bat nabarmentzekotan, Salvadorrek hau du kutunena: Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoari eskainitakoa, argitaratu eta 40 urtera. «Buruhauste asko eman zizkigun, baina oso gustura gelditu ginen. Gonbidatu oso bereziak izan genituen».

Iraganera jo zuten orduko hartan, baina gaur egungo euskal eszena agerraraztea dute xede Furyakek —Emadan diskoa eman du argitara berriki— eta Salvadorrek. «Ez gara konturatzen nolako eszena daukagun. Beti egon da eszena oparoa Euskal Herrian, baina talde batzuk itzalean geratu izan dira arrazoi batengatik edo besteagatik. Orain irekiagoak gara, agian, eta gehiago esploratzen dugu han eta hemen, genero desberdinetan».

Bi esatariak pozik dabiltza Dunbala lantzen, eta zabaldutako bideari «gogotsu» jarraituko diote. «Hau pasioagatik egiten dugu, musika eta irratia gustatzen zaigulako. Aukera dugun bitartean, hor jarraituko dugu».

Ostiralean sareratu zuten 24. atala: Maite Arroitajauregi elkarrizketatu dute, musika onenaren Goya saria jaso berritan. Mursegoren proiektu berriez ere mintzatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.