Francisco Franco eskaileretan dago dantzariari begira, horrek agurra eskaintzen dion bitartean. Aldamenean ditu Guardia Zibilaren buruak, Itsas Armadako goi kargudunak, herriko agintariak eta horien senideak. Dantzariak txapel gorria jaurti du. Protokoloaren arabera, diktadorearen eskura joan behar zuen txapelak, baina dantzariak neska gazte bati bidali dio. Neskari gustatu zaio keinua. Amari ez.
Ez dela ondo atera erabaki du Jabi Elortegi zuzendariak, dantzaria gehiegi aurreratu eta koadrotik kanpo geratu delako une batez. Berriz egiteko agindu du. Aitaren Etxea telesaila grabatzen ari dira Zestoako (Gipuzkoa) Arozena hotelean. Udazkenean emango dute ETBn. Oraingoz, 15 ataleko saila izango da, eta jadanik erdiak baino gehiago grabatu dituzte eta beste aste pare bat baino ez dituzte beharko aktoreekin lana amaitzeko.
«ETBn kontatu gabe genuen istorio bat azaltzeko saio bat da hau», esan du Edu Barinaga ETBko zuzendariak. Hoteleko besaulki zaharretako batetik azaldu duenez, ETBk ez du Euskal Herriaren historia garaikidea fikzioaren bidez kontatu, orain arte.
Aitaren Etxea saileko istorioak badu Romeo eta Julietatik. Protagonistak zelaiatarrak eta egañatarrak dira, eta garaia, 1950eko hamarkada. Euskal Herriko kostaldeko Echegui fikziozko herrian gertatzen da. Bi familietako aitak kontrako aldeetan ibili ziren 1936ko gerran. Egaña jauna (Kandido Uranga biboteduna) alkate frankista da orain, hotelaren jabea, eta diktaduraren agintariei ohore egiten die bere egoitzan. Irene izeneko alaba dauka (Loreto Mauleon), eta hori Martin dantzariarekin (Ander Azurmendi) maiteminduko da; hau da, Zelaia galtzailearen semearekin.
«Dekoratu errealistak»
«Amodioa behar da tartean, telesail bat delako, baina errealitate historikoaren isla da, eta egoera soziopolitikoaren erretratu errealista», esan du Barinagak.
Errealismoa emateko, estudiotik atera eta garai hartako «dekoratu naturaletan» grabatzea erabaki zuten, Xabi Zabaleta ekoizleak adierazi duenez. Kontua ez da Arozena hotelak 1950ekoa ematen duela, baizik eta orduan geratu zela. Izan ere, oso atrezzo gutxi behar izan zuten atzoko grabaketa garai hartan girotzeko: Espainiako bandera handi batzuk eta Arriba España! zioten Falangeko poster batzuk.
Produkzio taldeko kide batekZestoako bainuetxera joan nahi zuen, egokia ote zen ikusteko, baina bide okerra hartu eta hotelarekin egin zuen topo. «Telefonoz deitu eta 'hau sekulakoa da', esan zidan», Zabaletak kontatu duenez.
Alkatearen etxea Hondarribiko (Gipuzkoa) alde zaharrean aurkitu dute. Azpeitiko (Gipuzkoa) Tren Museoan grabatu dute, Legazpiko (Gipuzkoa) Euskal Burdinaren Museoan, eta Zabaleta beraren aitaren elikagai denda zaharrean, Intxaurrondon (Donostia).
Benetako lekuetan grabatzeak film kutsua emango dio telesailari, ekoizleak esan duenez. Izan ere, prime time-rako telesaila izango da, eta beste katetako lehiakideak halako dekoratu naturaletan grabatzen dituzte. «Pobreagoak gara, baina ez dadila asko igarri».
Ez zuten istorioa gerra amaitu eta hurrengo urteetan girotu nahi, halako telesailak egin dituztelako jada. 18 urte pasatzen utzi dituzte, protagonistak hurrengo belaunaldikoa izan zitezen. «Izan ere, garai gogorra izan bazen ere, ez dugu gauza ilun bat egin nahi izan», esan du Elortegi zuzendariak. «Gazteek esperantzaz begiratzen diote etorkizunari, herri bat berriz eraikitzen ari direlako». Urte ilunei «leiho bat zabaldu» nahi izan dietela adierazi du Barinagak.
Diktaduraren aurkako borrokak ere izango du lekua istorioan. Jende asko ihes eginda zegoen, ezkutuan, eta lur azpiko mugimendu asko zegoen, Barinagak esan duenez. Gerraosteko lehen ikastolak orduan antolatzen hasi zirela nabarmendu du. Erresistentziaz dokumentatzeko asko irakurri dutela adierazi du Elortegik, baina ohartarazi du telesailean jazoko direnak ez direla «gertaera jakin batean oinarritzen».
Eta istorioaren motorra, amodioa. Ezinezkoa da maitasuna, baina, halere, aurrera jarraitzen dute Irenek eta Martinek, Azurmendi aktoreak esan duenez. «Biek dute gatazka, baina gainditzeko prest daude», adierazi du Mauleonek.
Urte ilunei argia eman
Euskal Herrian, 1950eko hamarkadan girotu dute 'Aitaren Etxea' telesaileko istorioa. Irailean estreinatuko dute lana ETBn. Francoren bisita grabatu zuten atzo Zestoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu