Reuters institutuak argitaratutako txosten baten arabera, urte berriak datu txarrak eman dizkio kazetaritzari. Arrazoia ez da bat eta bakarra; aitzitik, faktore eragileen zerrenda luzea egin dute txostenean: eragina izanen dute politikariek, sare sozialek, adimen artifizialak eta haren barne produktuek, iritziek, hedabideek eta eduki sortzaileek. Ikerketa gauzatu ahal izateko, Chartbeat enpresak galdetegi bat egin die kazetaritza sektoreko 326 langileri. Emaitzen arabera, hamarretik lauk bakarrik dute esperantza eta konfiantza 2025eko kazetaritzan. Gainerakoek ilunago ikusten dute etorkizuna.
Inkestan parte hartu duten langile gehienek adimen artifizialari eman diote garrantzirik handiena —edo haren beldur dira—, ohartu baitira informazioa bilatzeko eran aldaketa nabarmena izan dela azken hilabeteetan: Google bilatzailean arakatu ordez, adimen artifizialari galdetzen diote erabiltzaileek. Susmoa dute hasi berri den urtean ez ote den bilakaera hori areagotu bertzerik eginen. Informazioa era azkarrean eta modu osatuan lortzeko aukera ematen du adimen artifizialak —Chat GPT-k, erraterako—, eta hedabideen jabe batzuek onartu dute zenbait lanetarako eskertu egiten dutela haren laguntza. Orain arteko ohiko informazio bilatzaileekin bi astean egin zitekeen lana orain egun gutxian egin daiteke, hala ohartarazi dute txostenean. Erraterako, laguntzen du tituluak, laburpenak, transkripzioak eta itzulpenak egiten, eta aukera gehiago ere ekarriko ditu aurten.
Adimen artifizialak informazioa hain eskura jartzeak, baina, ezinbertzean eragiten du kazetaritzan: irakurle gutxiago izanen dira eta kazetarien behar gutxiago egonen da. Txostenak argitu duenez, politikariek ere zerikusi handia dute horretan; Donald Trump AEBetako presidenteak, adibidez, adimen artifizialaren erabilera areagotu eta elikatu egin nahi du.
Sare sozialak eta arriskua
Hori ez da, ordea, 2025ak ekarri duen kezka bakarra, sare sozialek eta horko eduki sortzaileek ere pisu handia hartu baitute txostenean. Tiktok, Instagram, Youtube eta halako aplikazioetan informazio andana hedatzen ari da, eta argitu dute ez dela kontu ziurra igortzen diren datuak egiaztatuak izaten ote diren. Sare sozialak iritzia emateko leku bihurtzen ari dira, eta galdetegia bete dutenek ez dute argi horrek eragin ona edo txarra izanen duen kazetaritzan. Irakurle anitzek hurbilago sentitzen dute pantailaz bertze aldeko eduki sortzailea hedabidea bera baino, eta horrek urrundu egiten ditu ohiko kazetaritza moldetik. Gertatzen dena da kazetariek ez dituztela eduki sortzaileak kazetari eran ikusten, eta arriskutsua iruditzen zaiela hala balira bezala tratatzea. Eduki sortzaileak iritzi publikoa sortzeko eta horretan eragiteko tresna eraginkorra dira, eta horregatik ari dira zenbait kazetari sare sozialetan jarduteko hautua egiten; hori diote inkesten erantzunek.
Eduki sortzaileen edo influencer horien alde ere egin dute zenbaitek, eta azaldu dute akaso elkarren aurka jo beharrean elkarren ondoan egin beharko dutela bidea, norabide berean. Horretarako, baina, elkar aditu eta osatu behar lukete. Gazteen errealitatea onartzea eta babestea proposatu dute batzuek, alegia, kazetaritzari ongi etor lekiokeela olatu berrietara egokitzea.
Iritzia zeri buruz ematen den, horrek arduratzen ditu kazetariak. Osasunari buruzko iritzia ematea «zilegi» bihurtu dela diote, eta «edozeinek» erran dezakeela zerbait haren inguruan. Horietako zenbait «arriskutsuak» izan daitezke, hartzaileak nola hartuko duen eta harengan nolako eragina izanen duen jakitea ezinezkoa delako. Txostenak ohartarazten duenez, gainera, errazegi hedatzen diren datu horiek ikerketa zientifikoen —eta kazetaritzaren— «kontra» egoten dira gehienetan.
Ikus-entzuneko elementuen kopuruak goiti egin zuen joan den urtean, eta aurreikusten dute halaxe izango dela aurten ere: ahalik eta testu gutxien eta ahalik eta irudi gehien. Testuaren eskari eskasari jarraiki, kontzeptu baten itzuleraz ohartarazi dute kazetariek: kazetaritza mantsoa, zeinak erran nahi duen artikulu gutxiago idatziko dituztela eta kalitatez hobeak izanen direla. Irakurtzen den apur hori, bederen, handia izan dadin.