Ipar Euskal Herrian hedabide berri bat sortuko da urtarrilaren 1ean: Mediabask. Kazeta.eus atariarekin lotura du proiektuak. Horrenbestez, euskarazko albisteak Kazeta.eus-en jaso ahalko ditu irakurleak, eta frantsesezkoak, Mediabask.eus-en.
Antton Etxeberri hedabidearen zuzendariak iragarri duenez, webgune bakoitzak bere izaera eta bidea garatuko du. «Baina, aldi berean, osagai batzuk —argazki, bideo edo artikulu— webgune batean izanen dira edo bestean, haien artean osagarritasun bat ekarriz, eta batak bestearen edukiak baliatzen ahalko ditu». Berrikuntzak aurrera eramateko prozesu horretan, Kazeta.eus-ek etenaldi bat izango du aste honetan hasi eta urtarrilaren 1era arte.
Soilik Interneten abiatutako lehen fasearen ostean, otsail edo martxorako paperezko astekaria argitaratuko du Mediabaskek. «Astekariak 32 orrialde ukanen ditu, denak kolorez. Zestoan [Gipuzkoa] inprimatuko dugu, eta kioskoetan banatuko», iragarri du Etxeberrik. «Mamian, gure helburua da proposatzea informazio berezi bat: analisiak, inkestak eta ikerketak». Edonola ere, pilotari buruzko tratamendu berezi bat ere izanen da astero, eta leku handi bat utziko diote iritziari. Sei kazetarik egingo dute lan hasieran Mediabasken.
Euskara, proportzio txikian
Harpidetza bidez egin nahi du aurrera Mediabaskek. Horretarako, hiru harpidetza mota eskainiko ditu: sei eurokoak aukera emango du itxiak diren bost artikulu egunero irakurtzeko; hamabi eurokoak aukera izanen du sareko dena irakurtzeko (artikulu itxiak eta irekiak); eta hogei eurokoek Interneteko harpidetza osoa izanen dute, eta paperezko astekariaren harpidetza. Interneteko harpidetzek Mediabask.eus nahiz Kazeta.eus-entzat balioko dute, baita Naiz.eus plataforman diren beste hedabide guztientzat ere. Mila harpidedun edo laguntzaile lortzeko helburua finkatu du Mediabaskek, eta oraingoz helburuaren %55 lortu du sei hilabetean.
Zuzendariak adierazi du euskarazko konpromisoa Kazeta.eus izanen dela. «Horrek segituko du %100 euskaraz eskaintzen. Mediabaskekin, euskara ez dakitenak ukitu nahi ditugu, eta hizkuntza horretara hurbildu nahi ditugu. Horretarako, artikulu batzuk euskaraz ziurtatuko ditugu Mediabasken ere, baina proportzio txiki batean». Paperezko astekarian ere euskararen presentzia webguneko proportzio berean izango da.
Proiektuaren kanpainan, urtarrilaren amaieran paperezko astekariaren zero zenbakia igorriko dute Ipar Euskal Herriko etxe guztietara.
Etxeberrik azaldu du Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideen Elkartekoekin hitz egiten ari direla erreportaje komunak egiteko.
Urtarrilean hasiko da Mediabask argitaratzen
Internet bidez zabalduko dituzte lehen artikuluak.Otsailean edo martxoan kaleratuko dute paperezko astekaria, batik bat frantsesez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu