Komunikazioa

Urola Kostako zazpi hedabide 'Guka' dira orain

Urolako Komunikazio Taldeak 'Guka' aurkeztu du, Azpeitian (Gipuzkoa). Azpeitiko 'Uztarria'-k, Azkoitiko 'Maxixatzen'-ek, Zumaiako 'Baleike'-k, 'Zarauzko Hitza'-k, Orio eta Aiako 'Karkara'-k, 'Urola Kostako Hitza'-k eta Erlo telebistak osatzen dute.

'Guka' tokiko hedabidearen aurkezpena, Azpeitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
'Guka' tokiko hedabidearen aurkezpena, Azpeitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
urtzi urkizu
Azpeitia
2024ko maiatzaren 20a
15:30
Entzun

«Elkarlanaren balioak zenbat balio duen ikasi dugu». Hitz esanguratsu horiek esan ditu gaur Azpeitian (Gipuzkoa) Gorka Zabaletak, Urolako Komunikazio Taldearen zuzendariak. Egun berezia da gaurkoa talde horrentzat. Izan ere, Guka marka eta estrategia aurkeztu dituzte jendaurrean, baita erakundeetako ordezkarien aurrean ere. Zer da, bada, Guka? Urola Kostako euskarazko zazpi komunikabideren marka berria izango da aurrerantzean. Hortaz, hemendik aurrera, Urola Kostako Hitza egunkaria Guka egunkaria izango da; Erlo telebista, Guka telebista; eta Urola Kostako Hitza-ren eta Erlo telebistaren webguneak Guka.eus atarian batuko dira. Herrietako lau aldizkariei eta webguneei ere eutsi egingo diete, baina izenak aldatu egingo dira. Esate baterako, Azpeitia Guka-k ordezkatuko du Uztarria, Azkoitia Guka-k Maxixatzen, Orio Guka-k Karkara, eta Zumaia Guka-k Baleike.

Gorka Zabaleta Urola Kosta Taldeko zuzendaria, 'Guka'-ren aurkezpenean.
Gorka Zabaleta Urola Kosta Taldeko zuzendaria, 'Guka'-ren aurkezpenean, gaur, Azpeitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zabaletak azaldu duenez, Urolako Komunikazio Taldea duela bost urte sortu zuten. «Orain arte etxe barrura begira aritu gara lanean, eta sei hedabide horien eskaintza hobetzen eta indartzen saiatu gara. Baina UKT ez genuen sortu bakarrik hedabideak hobeto kudeatzeko; sortu genuen, batez ere, herritarrei tokiko informazio ahalik eta onena eskaintzeko». Guka estrategia deiturikoa sortu dute, hortaz, «gaurko garaira egokitzeko». Ez baita marka aldaketa bakarrik. Marka aldaketarekin batera, eskaintza berritua eta bazkidetzeko aukerak eman dituzte argitara. «Marka bateratuarekin, era berean, hobeto ulertuko da sei hedabideak bat garela». Zabaletak azaldu duenez, etorkizunean iritsiko diren tresna eta kanal berriek ere marka hori izango dute; adibidez, hemendik gutxira martxan jarriko duten aplikazioak.

Urolako Komunikazio Taldea kooperatibak 34 langile ditu, eta komunitatea indartzeko asmoa du.

Ikus-entzunezko eskaintza indartuko dute

Ihintza Elustondo Guka-ko erredakzio zuzendaritzako kideak jakinarazi duenez, Guka telebista —orain arteko Erlo telebista— goi bereizmenean ikusteko aukera izango da. «Herrietako webguneetan telebistaren atala ere egongo da. Indar berezia jarri nahi dugu ikus-entzunezko edukietan». Guka.eus atarian, gainera, telebista zuzenean ikusi ahalko da.

Bestelako eskaintza berriak ere egingo ditu taldeak: Zarautzen Gukasteka astekari digitala egingo dute —astean behin bidaliko diete harpidedunei—. Bestalde, Gukagenda egingo dute, eskualdeko ekitaldiak bilduko dituen agenda. Azken produktuen artean, Whatsapp kanala dago. «Kanal horretan, eguneko albiste nagusiak emateaz gain, hurrengo egunak zer ekar dezakeen iragarriko dugu», gaineratu du Elustondok. «Esparru digitalean jarriko ditugu indarrak».

Maitane Elduaien UKTko sustapen arduradunak, berriz, azaldu du orain arte egitasmo bakoitzak bere bazkidetza sistema izan duela. «Aurrerantzean, Guka izango da proiektua. Norberak erabakiko du tokiko zein hedabidetako bazkide izan nahi duen, baina guztiak izango dira Gukakide eta guztiek Guka proiektua babestuko dute. Azken finean, Guka hedabide talde bat da eta». Papereko edizioko bazkideak izateaz gain, bazkide digitala izateko modua izango da. Gukakide babeslearen figura ere sortu dute, merkatarientzat eta tabernentzat. Guka.eus-en barnean, halaber, Aterpea sortu dute, «merkatarien erakusleiho digitala».

Mireia Galartza 'Guka' tokiko hedabidearen aurkezpenean.
Mireia Galartza 'Guka' tokiko hedabidearen aurkezpenean, gaur, Azpeitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Datozen egunetan Gukakide festak egingo dituztela iragarri du Mireia Galartza taldeko ordezkariak: ostiralean egingo dute aurrenekoa, Azpeitian, Azoka plazan; maiatzaren 31n, Zarautzen, udaletxeko plazan; Azkoitian, ekainaren 7an egingo dute, Pilotari Egunekoekin elkarlanean; ekainaren 14an, Orioko plazan izango da festa; eta Zumaian egingo dute azkena, ekainaren 15ean. Adin guztietako jendearentzako moduko egitarauak prestatuko dituzte. 

Gaurko aurkezpenean parte hartu dute Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko zuzendari Esti Alkortak. Basazabal jauregian izan dira eskualdeko udaletako hainbat ordezkari, Tokikomeko ordezkariak eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria ere, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.