Komunikazioa

Urgell: «Zentzuzkoa da adierazpenak egitean hizkuntz askatasuna izatea»

Aralar pozik da Kultura sailburuak konpromisoa hartu duelako euskal hiztunari ez eskatzeko gaztelaniaz aritzea

urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Duela egun batzuk Megaupload itxi izanaren harira, Gari Araolazarengana jo zuen ETBk. Adierazpenak euskaraz egin ostean, kazetariak gaztelaniaz errepikatuko ote zituen eskatu zion. Araolazak ETB2n ere euskaraz agertu nahi zuela-eta, azpidatziak jartzeko eskatu zuen. Eta, azkenean, ETB2n ez ziren haren adierazpenak agertu.

Gai hori Eusko Legebiltzarrera eraman zuen atzo Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabek. Salatu zuen elebidunari gaztelaniaz ere hitz egin dezala eskatzeko «ohitura txar horrek» gaztelaniazko eremu sozialean «euskararen ikusezintasuna» dakarrela. Hori dela eta, Blanca Urgell Kultura sailburuari hauxe eskatu zion: «Adierazpenak euskaraz egiten dituenari gaztelaniazkorik sistematikoki ez eskatzeko».

Urgellek erantzun zuen«normaltasunaren baitan» dagoela adierazpenak bi hizkuntzetan egitea, hark ere hala egiten duela. «Aurkakoa ere egiten da, gaztelaniaz eskatu ostean elkarrizketatua euskalduna bada euskaraz eskatzea». Urgellek zehaztu zuen adierazpenak bi hizkuntzetan eskatzea «ETBko estilo liburuan jasota» dagoela eta 2005eko ekainean EITBko Administrazio Kontseiluak ontzat eman zuela. «Hala ere, euskarak aurrera egin du urteotan, eta ados nago urratsak egin behar direla bide horretatik. Hala, zuzendaritza berria heldu zenetik hasi dira ETB2n euskaraz adierazpen batzuk agertzen». Urgellen ustez, gainera, «zentzuzkoa da elkarrizketatuak adierazpenak egitean hizkuntza aukeratzeko askatasuna izatea».

Kultura sailburuaren erantzunaren ostean, Aralarrek pozik hartu du haren konpromisoa euskal hiztunari egindako adierazpenak gaztelaniaz errepika ditzala ez eskatzeko. Ikusteko dago orain ETBko kazetarien jarduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.