Komunikazioa

Ur tanta batekin, uholdea

Sare sozialen inguruan mintzatu dira Berria telebistan Maite Goñi irakasle eta blogaria eta Haritz Rodriguez ziberkazetaria: alde ilunak, argiak eta azken joerak aztertu dituzte.

Maite Goñi irakaslea, Urtzi Urkizu saioaren bideratzailea eta Haritz Rodriguez aditua. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Bizitza osoa Twitter eta Facebook esaten ikasteko, eta, orain, Instagram, Pinterest, Scoop.it, Chill.it eta halakoekin hasi behar? Sare sozialen argi-ilunak eta azken joerak aztertu dituzte Maite Goñik eta Haritz Rodriguezek Berria telebistarentzat.

«Nik, dagoeneko, informazioaren %80 Twitterren bidez jasotzen dut», dio Goñik. Mondragon Unibertsitatean teknologia berrien inguruan irakasle dabil. Haren ustez, sare sozialak «puntu txiki bat» besterik ez dira web 2.0 horren barnean. «Klik batez edonori ahots propio izateko bidea ematen dio; ur tanta batekin sekulako uholdea sortzeko aukera».

Rodriguezentzat, Twitter Internetek eskaintzen duen beste kanaletako bat da, «ez bakarra eta ez garrantsitsuena». Kazetaria da Rodriguez, eta transistoria.com eta tokitan.tv egitasmoen sortzailea. Web 2.0 etiketa «prostituitu egin da hein handi batean», haren arabera, marketinerako erabiltzen hasi direlako.

Sare sozialekiko dugun jarrera aldatu egin da azken urteotan. Lehen dena erabiltzen genuela dio Goñik, baina orain «heldutasun batera» heldu garela. Izan ere, Tuenti sareko datuak Telefonica konpainiaren esku geratuko direla jakiteak, edo Facebookeko kontua ezabatzea zein zaila den ikusteak beste modu batera jokatzera behartu gaitu: kontu handiagoz.

Zentsura eta kontrola

Sare zentralizatuak erabiltzen direnean zentsura eta kontrola pairatzeko arriskua dago beti, Rodriguezen aburuz. Tuenti Telefonica eta BBVren esku dagoen bezala, Myspace Murdoch taldearena da. Asko dira adibideak: Googlen bilaketa bat egiten dugunean ere, konpainiak erabakitzen du norberari zer eman, gutaz dakienaz baliatuta, argitzen du Goñik.

«Mekanismoak garatu behar ditugu horri aurre egiteko. Arriskua dugu lortu dugun askatasun apur hau galtzeko», dio irakasleak. Erresistentzia ez dela erraza onartu du, eta horren adibide gisa Sinde legea jartzen du. Halere, AEBetan PIPA eta SOPA lege asmoak zapuztu izanak itxaropena pizten dio. Sare sozial alternatiboak, dezentralizatuak, status.blogsoviet.com esaterako, aukera ona direla uste dute biek; halere, mundu txiki batean itxita ez geratzeko beste sareekin lotzeko modua izan beharko luketela uste dute.

Sarea eta euskara

Tresna berri bat sortzen den bakoitzean, hori euskaraz izateko erronka pizten da. Aplikazioak euskaratzeak agerian uzten du euskara badagoela. Baina borroka horretan lan handia egin behar dela eta indar handia gastatzen dela dio Goñik. «Twitter euskaraz izatea baino garrantzitsuagoa da Twitterren daudenak euskaraz aritzea». Rodriguezek beste modu batean adierazi du: «Menuak euskaraz? Primeran, baina aukeran hobe jakiak».

Sare sozialetan erabiltzen den euskara mailarekin kezkatuta daude asko. Rodriguezek, berriz, teoria pertsonala dauka horren inguruan: Interneteko euskara mordoiloa sortu izana seinale ona litzateke: hedabide berrietara moldatzen aritzeak erakusten baitu hizkuntza bizirik dagoela.

Goñik dioenez, abeslari, idazleeta artista askok ez dute parte hartu nahi sare sozialetan. Euskarari bultzada emateko aukera bat galtzen ari direla uste du. «Internet albo batera uztea irakurtzen ez jakitea bezala da», dio Rodriguezek. Bizitza errealean ere sare sozialetan gaude sartuta, Goñiren aburuz. «Ezetz esaten baduzu, ez dadila izan aurreiritziengatik, baizik eta dakizulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.