'Ur handitan' saioaren bederatzigarren denboraldia gaur hasiko da

Gaurko atalean inpostorearen sindromea aztertuko dute. ETB1ek ostegunetan emango du erreportaje saioa, 22:30ean.

Xabier Madariaga 'Ur handitan' saioko aurkezlea. ETB
Xabier Madariaga 'Ur handitan' saioko aurkezlea. ETB
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Eten luze baten ostean, gaur itzuliko da Ur handitan erreportaje saioa ETB1era. Aurreko urteetan bezala, gizarte gaiak xehe-xehe jorratuko ditu Baleuko ekoiztetxearen programak. Saioak, elkarrizketa pertsonalen bidez, hainbat errealitate eta ikuspuntu erakusten ditu. Xabier Madariaga kazetariak aurkeztu izan du saioa orain arte, eta hark aurkeztuko du denboraldi honetan ere. Dagoeneko bederatzigarren denboraldira iritsi da saioa.

Gaurko erreportajeak inpostorearen sindromea izango du aztergai. Konfiantza falta, gai ez izatearen irudipena, etengabe epaituak izateko beldurra... sentipen horiek «inpostorearen sindromea» deritzon autoestimu falta osatzen dute. Sentsazio horiek lausotu egiten dute gailurrera iristean sentitzen den poztasuna eta harrotasuna, eta, aldi berean, gai ez izatearen irudipen horrek proiektuei edo lanei ezetz esatera eramaten ditu zenbait. Bereziki, emakumeek izaten dute irudipen hori, saioko arduradunek azaldu dutenez. Datu bat: goi karguak dituzten lau emakumetik hiruk inpostorearen sindromea dute.

Onintza Enbeita, politikari eta bertsolaria, gaztetatik ibili da plazaz plaza bertso saioetan. Ibilbide luze eta oparoa izan arren, ez zuen bere burua bertsolaritzat hartzen 2018an Bizkaiko Txapelketa Nagusia irabazi zuen arte. Politikagintzan ere, Espainiako Kongresuan diputatu izan zenean, egunero jartzen zuen zalantzan bere burua, eztabaida politikoari heltzeko maila nahikoa ba ote zuen.

Musikaren munduan, Ines Osinagak hastapenetatik entzun behar izan ditu honelako komentarioak: «Zuk ez daukazu ideiarik», «egin hau, egin bestea» eta «nik esango dizut zer egin behar duzun arrakasta izan dezazun». Osinaga ez da harritu ikusita beste emakume askok ere inpostorearen sindromea dutela, berari ere gertatu baitzaio. Izan ere, sistema oso batek behin eta berriro errepikatzen die emakumeei nahikoa ez direla. «Autoestimu falta horregatik», lan aukera askori egin die uko Osinagak.

Itziar Diez de Ultzurrun Nafarroako Gobernuko itzultzailea da. Emakumezko lankide batek euren ogibidean inpostore sentitzen zela aitortu zion, eta Diez de Ultzurrunek berehala identifikatu zuen urte luzez sentitu izan zuena: inpostorearen sindromea. Bereziki beldurtzen zuen literaturara salto egiteak; izan ere, nahiz eta itzultzaile gehienak emakumeak izan, lanbide hori oraindik ere oso maskulinoa da. Hala ere, argi du gizarte arazo oro bezala, arazoa politikoa dela.

Silvia Canterak kirol kazetaria izan nahi zuen txikitatik. Tamalez, telebistan, haren erreferenteak gizonak edo emakume gazte eta lirainak ziren, eta bera ez zen ezaugarri horiekin identifikatuta sentitzen. Bizitza osoa igaro du bere helburua lortzeko nahikoa ez dela sentitzen eta pentsatzen. Gaur egun, egunkari batean egiten du lan, eta ideia hori pixka bat baztertu du.

Iratxe Las Hayas ingeniariak 27 urte daramatza sektore maskulinizatu batean lanean. Ibilbide profesionalean, hainbat enpresa industrialetan aritu da, batez ere, zuzendari lanetan. Norbere buruarekiko segurtasunari dagokionez, emakume eta gizonen artean alde argia atzeman du zuzendaritza taldeetan, bileretan, bezeroekiko harremanetan... Ingurukoek bere balioa zalantzan jarri izan dute emakume izate hutsagatik.

Osasungintzaren arloan, emakumea eta gaztea izanik, Nora Errezola medikuak askotan sentitu du bere burua mediku gisa aurkezteko beharra. Gaixoek, sarritan, ez dute sinisten bera medikua izan daitekeenik, eta praktiketan dauden mutil gazteagoei autoritate handiagoa ematen diete. Larrialdietan ere, gaixo larrienak gizonezko medikuek artatu ohi dituzte, eta horrek areagotu egiten du emakumeen ziurtasunik eza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.