Azkeneko hilabeteetan eten bat egin ostean, Ur handitan erreportaje saioa gaur gauean itzuliko da ETB1era. Denboraldiko lehen atalean, Ukrainan eta Poloniako mugan bizi den egoeraren inguruko testigantzak jasoko ditu Xabier Madariaga kazetariak. Hasteko, Luda Davidenko Orion (Gipuzkoa) bizi den 21 urteko ukrainarrarekin mintzatuko da. Sorterritik urrun egon arren, oso gertutik sufritzen ari da Ukrainan gertatzen ari den guztia. Ezinegonak hartuta, familiari buruzko informazioa gutxika-gutxika iristen zaiola kontatuko du.
Saioko lantaldea Polonian ibili da: Prezemyslgo tren geltokian,Daria Alieksieienkorekin egin dute topo. 23 urte ditu, eta ukrainarra da sortzez, baina Polonian bizi da. Lantaldeak bidelagun izan du mugan pasatu dituzten egunetan, eta itzultzaile lanak egin dizkie. Gurasoak Ukrainan dituela kontatu du, eta horrek ezinegona sortzen dio. Madariagak zera esan du: «Bitan zatitu gaituzten istorioak entzun ditugu. Mugan isiltasuna da nagusi; helduen arteko besarkadek eta umeen negarrek hausten dute isiltasun hori». Kazetariak nabarmendu du «oso indartsuak» izan direla Polonian eman dituzten lau egunak.
Protagonismo handia hartu du Przemyslgo geltokiak; izan ere, Ukrainako errefuxiatu asko bertara iristen ari dira; batez ere, emakumeak eta haurrak. Tartean, Nataxa, 33 urteko emakumea, eta Alina, 9 urteko bere alaba. Kharkivetik ihes egitea lortu dutela azalduko dute programan. Bestalde, Madrildik muga horretaraino autoz joan dira bi emakume, senitartekoak jaso eta berriz ere Madrilera itzultzeko.
Tren geltokitik Medykara joango dira; bertan, Natalia eta Alexei senar-emazte ukrainarrak aurkitu dituzte ilara batean. Nagusiak dira, baina ongi daudela azaldu dute. Beraiek lortu dute Kievetik ihes egin eta muga pasatzea, baina biloba Ukrainako soto batean utzi behar izan dute. Jende ugari geratu da hiriburuan. Egoera hobeto ulertu nahian, Mikel Aiestaran EITBko berriemailearekin hitz egingo du Madariagak.
Dorohuskeko harrera etxea izango dute hurrengo geraleku. Bertan da Sergei, hiru seme-alabekin eta emaztearekin atseden hartzen. 28 urteko ukrainar gaztea frontera joatetik libratu da hiru seme-alabaren aita delako.
Madariagak esan du Ur handitan-ek pertsonak erdigunean jartzen dituela. «Horretara joan gara: gerrak pertsonengan eragin dituen ondorio latzak kontatzera».
Gerran emakumea jomugan dago beti, eta Ane Irazabal kazetariarekin gai horri buruz hausnartuko dute. Ondoren, Chelm herriko eliza harrera zentro bihurtu duen apaizarekin elkartuko dira. 200 ohe egokitu ditu errefuxiatuentzat.
Datozen asteetan, Ur handitan saioak pandemiak gazteengan izan duen eragina, sare sozialak eta indarkeria matxista gaiak landuko ditu. Beste erreportaje baten gaia iragarri du Madariagak: Zea Mays musika taldearen itzulera. «Aiora Renteria bezalako protagonista indartsuekin itzuliko da saioa. Oso gogotsu gaude».
'Ur handitan' ETBra itzuliko da, Ukrainako gerraren berri emanez
Ukrainatik ihes egin eta Poloniako muga zeharkatu duten hainbat herritar elkarrizketatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu