'Ur handitan' erreportaje saioa gaur hasiko da ETBn

Jaime Otamendi kazetariak gidatuko ditu erreportajeak.Aurreneko atalean homosexualitateaz ariko dira, 'Berdin du!' izenburupean

Gizarte eta politika gaiak aztertuko ditu Jaime Otamendik kalean egindako elkarrizketetan. EITB.
urtzi urkizu
2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
ETB1 kateak erreportaje saio berri bat estreinatuko du gaur gauean (22:25): Ur handitan. Jaime Otamendi EITBko kazetariak gidatuta, euskal gizartean dauden kezkak, galderak eta eztabaida gaiak jorratuko dituzte, protagonistak aurrez aurre elkarrizketatuz. ETBk azaldu duenez, gaurkotasunari lotutako erreportajeak landuko dituzte saio berrian. Gizarte gaiak eta politikoak izango dira saioaren ardatza, grabatutako elkarrizketetan oinarrituta. Otamendik protagonistengana joko du, bertatik bertara haiekin hitz egiteko. ETBk iragarri du Otamendik «sakon» eta «gertutasunez» aztertuko dituela gaiak, «ikuspegi kritikoa hartuta».

Aurreneko erreportajeak Berdin du! izenburua du, eta galdera hauek egingo ditu saioaren gidariak: zer-nolako jarrera du euskal gizarteak homosexualen aurrean? Onartzen al dira sexu bereko bikoteak? Oraindik gaixoak balira bezala ikusten al dira gay eta lesbianak? Ba al dago oraindik homofobiarik Euskal Herrian?

Galdera horiei erantzuteko, honako pertsona hauekin hitz egingo du Otamendik: Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiarekin, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearekin eta Josebe Iturrioz Medeak talde feministako kidearekin. Euren bizipenak eta esperientzia pertsonalak kontatuko dituzte, batetik. Eta, bestetik, politikan, lan munduan, hezkuntzan eta kirolean homosexualitatearen gaia nola dagoen aztertuko dute.

Hegoak kolektiboak bultzatutako Kamalions futbol taldearen nondik norakoak ezagutuko dituzte. Erreportaje berean, gainera, gazte kuadrilla bat homosexualitateaz mintzatuko da.

Saioko bigarren erreportajeari —datorren ostegunean— Pobreziaren aurpegiak izenburua jarri diote. Krisiak erasan dien herritarrak eta gizarte laguntzei esker bizi direnak izango dira protagonistak. Hirugarren erreportajean, heriotzari aurrez aurre begiratu dioten pertsonengana joango da Otamendi. Laugarrenean, berriz, Espainian barna ibiliko da ETBko kazetaria, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko harremanei buruz galdetzeko. Hurrengo bi saioetan gazteak eta etxetik urruti bizi diren pertsonak izango dira protagonistak.

Otamendik, ibilbide luzea

EITB taldean makina bat lan egin ditu Jaime Otamendik (Elduain, Gipuzkoa, 1966). 17 urterekin hasi zen Euskadi Irratian. Irratirako zein telebistarako hainbat saio egin bazituen ere, sona handiena Goizean behin irratsaioarekin lortu zuen, Arantxa Iturberekin batera (1990-1999). AEBetan bolada bat egin eta gero, ETBko albistegietako zuzendaria izan zen 1999tik 2009ra. Euskadi Irratiko Mezularia-n aritu zen ondorengo urteetan. 2013-2014ko denboraldian, Airean arratsaldeko magazina aurkeztu zuen ETB1en.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.