Ikus-entzunezkoak

‘Unzué. Juancarren azken taldea’ lana euskaraz ikusi ahal izango da gaurtik Primeran-en

Alboko esklerosi amiotrofikoa dauka Juan Carlos Unzue futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak. Kataluniako Telebista Publikoak ekoitzi zuen dokumentala, iaz.

Juan Carlos Unzue, 2022ko apirilaren 10ean, Iruñeko Sadarren egin zioten omenaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Juan Carlos Unzue, 2022ko apirilaren 10ean, Iruñeko Sadarren egin zioten omenaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
unai zubeldia
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Azken urteotan, bere bizitzaren ateak parez pare ireki ditu Juan Carlos Unzue futbol atezain eta entrenatzaile ohiak (Iruñea, 1967). AEA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten 2019ko uztailean, gaixotasun neurodegeneratiboa, eta fisikoki geroz eta autonomia txikiagoa du. Nafarrak 2020ko ekainean eman zuen gaixotasunaren berri, eta, ordutik, AEA ikusaraztea eta gaixotasuna ikertzeko ahalik eta diru gehien biltzea izan da Unzueren helburua: 2022ko abuztuaren 24an lagunarteko partida bat jokatu zuten Bartzelonak eta Manchester Cityk Bartzelonan, eta 4,3 milioi euro bildu zituzten; 91.000 zale elkartu ziren harmailetan. 

Bere egunerokoa islatuz, eta gaixotasunaren eragina lehen lerroan jarriz, Unzué. L’últim equip del Juancar dokumentala aurkeztu zuten iaz, Malagako (Espainia) Zinemaldian. Bi urte eta erdiko gorabeheren kontakizuna da. Xavi Torres, Santi Padro eta Jesus Muñoz dira zuzendariak, eta Kataluniako Telebista Publikoa ekoizlea. Arrakastatsua izan zen ekoizpena; zenbait sari ere jaso ditu lanak —Espainiako Ondas saria, esaterako—, eta gaurtik aurrera ETBren Primeran plataforman ikusi ahal izango da, euskaraz: Unzué. Juancarren azken taldea. Hain zuzen ere, gaur da AEAren Munduko Eguna.

Osasunaren harrobian

Osasunaren harrobian hazi zen atezain gisa, eta 1986-1987ko denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin. 28 partida jokatu zituen bi sasoitan, eta Bartzelonak fitxatu zuen 1988ko ekainean. Gerora, Sevilla, Tenerife eta Oviedon ere aritu zen, eta Osasunara itzuli zen 2001eko ekainean. Han jokatu zuen 2003ko ekainean erretiroa hartu zuen arte. 

2010ean ekin zion entrenatzaile ibilbideari, Numantzian, eta zeregin horretan ere bide oparoa egin zuen: Numantzia, Racing, Celta, Bartzelona eta Gironan aritu zen, lehen eta bigarren entrenatzaile. Europako Errekopa bat —1988-1989ko denboraldian— eta Espainiako Kopa bat —1989-1990eko denboraldian— irabazi zituen Bartzelonarekin, bigarren entrenatzaile gisa. 

Juan Carlos Unzueri buruzko dokumentala bakarrik ez, atzotik beste estreinaldi bat ere ikusgai dago Primeran plataforman: Udalatx. Ura eta atxa. Eñaut Iturbe Anduaga eta Iban Ayesa Azkoaga dira zuzendariak, eta «agortzen ari den ingurua» du ardatz. «Udalatx bizidunen bizitoki izan da antzinatik. Harriek, mineralek, altzairuak eta burdinak estali dute, barrutik zein kanpotik. Mende askoan ustiatu dira hark eskainitako baliabideak, baina, betierekoa iruditu arren, iragankorra da», diote sortzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.