Umorezko esketx «absurdoak» eta laburrak ostiralero Youtuben

Umorezko programen faltan, Los Txikos de la Stafeta aktore taldeak proiektu bat sortu du

Los Txikos de la Stafeta aktore taldea, bideoetako baten grabaketaren ostean. ALAIN ELIZALDE / LOS TXIKOS DE LA STAFETA.
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

Iruñeko kalerik ospetsuenaren izena eta euskarazko idazkeraren ezaugarriak bateratzetik jaio zen Los Txikos de la Stafeta aktore taldearen izena. Aurtengo apirilean hasi ziren «umore absurdoan oinarritutako esketxak» egiten, eta ordutik ez dira gelditu. Duela urte batzuk ematen zituzten umorezko saioak oinarri hartuta, eduki originala eskaini nahi diete ikusleei. Alain Elizalde taldeko aktoreak azaldu duenez, bideo labur eta dibertigarriak egitea da haien asmoa, «publiko guztiaren gozamenerako». Ostiralero jartzen dituzte bideoak Youtuben, Tiktoken eta Instagramen.

Oro har, esketxek ez dute elkarren arteko loturarik, baina pertsonaia batzuk errepikatu egiten dira hainbat bideotan; Kutxipandi kuadrilla, esaterako. «Choni euskaldun itxura duten lau neska gaztek osatzen dute taldea. Ikasleak dira, baina aktore nagusiek jokatzen dituzte rol horiek». Kutxipandiko nesken helburu nagusiak irakasle «katxarro» batekin ligatzea edota ekaineko, uztaileko eta abuztuko oporrak disfrutatzea dira. «Aktoreek komeriak dituzte bideo horiek grabatzeko, lautik bik besterik ez baitakite euskaraz».

Egun eta momentu «berezietako» umorezko edukia ere egiten dute. Elizalde taldean sartu aurretik, adibidez, La Escalera izeneko bideoa egin zuten, sanferminetako abestian oinarritutako bideoa. Auzokide talde batek bizi diren eraikineko eskailerak igotzen ditu, 7J —uztailak 7— zenbakira heldu arte. Bidean, zenbait gauza gertatzen zaizkie.

Gau Beltzarekin lotutako bideo bat ere igo zuten aurreko astean, eta Elizaldek aurreratu du beste bi esketx berezi egiteko asmoa dutela: Euskararen Egunekoa eta Gabonetakoa.

Euskara eta etorkizuna

Gazteleraz edo euskaraz grabatzen dituzte esketxak, «Nafarroa elebiduna delako» eta ikusle guztien arreta lortu nahi dutelako. Oraindik ez dute plana guztiz zehaztu, baina hilean bitan edo hirutan euskarazko edukiak argitaratzea gustatuko litzaieke.

Era berean, bideoen ikusgaitasuna bermatu nahi dute, eta, horretarako, taldearen webgunea eta sare sozialak sinkronizatu dituzte. Izan ere, esketxak behar bezala sustatuz gero, ekoizleren baten jakin-mina piztu dezakete. «Ez dakigu zer gertatuko den; agian, ekoizleren bati gustatuko zaio ideia, eta websail bat sortuko du, edo baliteke proiektuan inbertitu nahi izatea saio bat egiteko».

Oraingoz, aktore taldea handitu nahi dute, eta proiektuarekin jarraitu. Zuzendaria, teknikariak eta gidoilariak barne, hogei pertsona baino gehiagoko taldea da Los Txikos de la Stafeta. «Eta baliteke etorkizunean gehiago izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.