Umorez eta musikaz beteko dira telebista pantailak gaur, Gabon gauean

Urtero bezala, Euskal Telebistak kantuan jarriko ditu Euskal Herriko hainbat pertsona ezagun, 'Herri txiki, zIrku handi' saioan. Hamaika Telebistan, berriz, Mari Domingi izango da gonbidatu berezia.

Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales, ETB1eko Gabon gaueko saio bereziko aurkezleak. EITB
Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales, ETB1eko Gabon gaueko saio bereziaren aurkezleak. EITB
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Familiarekin elkartu, afaldu eta telebista piztu. Plan hori egin ohi da Euskal Herriko etxe askotan gaurko gauez. Aurten, urtero bezala, programazio bereziak prestatu dituzte telebista kateek. Aurten ere umorea izango da protagonista ETBren bi kate nagusietan.

EITBk adierazi duenez, Gabon gauean «musika, umorea eta alaitasuna» izango dira nagusi ETB1 katean. Herri txiki, zirku handi saioa emango du ETB1ek, 23:15ean, Miren Nogalesen eta Mikel Pagadizabalen gidaritzapean. 2021ean hasi ziren zirkuaren formatua Gabon gauera eramaten, eta bide horri eutsi diote aurten ere. Musikari asko elkartuko dira zirkuko karpan: besteak beste, Janus Lester, Estitxu Pinatxo eta Petti musikari beratarrak bertan egongo dira, eta baita Pantxoa eta Orioko Salatxo abesbatza ere. Lehen aldiak ere izango dira. Chill Mafia taldeko Kiliki Frexko eta Flako Fonki Gontzal Mendibilekin elkartuko dira, eta Merezi ote abestiaren moldaketa berria aurkeztuko dute. Izaro eta Maren ere bertan izango dira, haurrez inguratuta, Olentzero abestia kantatzeko.

Benito Lertxundik hainbat omenaldi jaso ditu musika utziko duela iragarri duenetik, eta, keinu gisa, Iker Laurobak eta Leire Letuk musikari oriotarraren kantak interpretatuko dituzte. Abesteko ez ezik, dantzatzeko aukera ere egongo da. Go!azen telesaileko aktoreak eta Sua Enparantza Korrontzi taldearen doinuan arituko dira, sei dantzari ondoan dituztela. Musikariez gain, kirolariak ere oholtzan izango dira. Iñigo Llopis, Nahia Zudaire, Naia Laso, Miren Lazkano, Janire Gonzalez Etxabarri eta Alain Kortabitarte olinpiar kirolariak gonbidatuko dituzte. Sukalde giroan, Javi Riverok, Zigor Iturrietak, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek ere izango dute aukera abesteko; Ondas saria irabazi berritan, oholtzara igoko dira Euskadi Irratiko Faktoria Magazina saioko kideak ere.

Bestalde, bihar, Eguberri egunean, Paul Urkijok zuzendutako Irati filma emango du ETB1ek, lehen aldiz. Iaz sona handia izan zuen euskal ekoizpen horrek, eta, sari asko irabazi ondoren, euskal zinemaren film arrakastatsuenetako bat bihurtu da.

Hamaikan, saio berezia

Hamaika Telebistan Mari Domingi izango da protagonista gaur gauean. Izan ere, 22:30etik 23:30era, Mari Domingiren bila arituko dira Kolpez kolpe saioan. Ekhiñe Atorrasagasti eta Naroa Iturri izango dira saio bereziaren aurkezleak, baina ez dira bakarrik egongo. Andoni Ollokiegi, Dorleta Urretabizkaia, Miren Legorburu eta Jon Maia izango dituzte ondoan. Saio horretan, aktualitateko gaiak jorratuko dituzte gonbidatuekin batera, ikuspegi feminista, kritiko eta umoretsu batetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.