Umorearen molde berriak, euskarara ekarriak

Urteekin, umorea egiteko modua teknologietara egokitu da, eta sare sozialak horretarako plaza bihurtu dira. Euskarak ere espazioa aurkitu du euskarri digitaletan, eta arrakasta handia izaten ari da Euskal Herriko gazteen artean.

Eguneroko gaiak lantzen dituzte.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Nori ez zaio heldu meme bat azken egunetan koronabirusari buruz? Horrelako egoeretan, zeinek ez du umore pixka bat behar? Interneten txantxa ugari aurki daitezke nahi beste gairen inguruan; izan ere, meme kontuak ohikoak bihurtu dira Instagram, Twitter eta Facebook sare sozialetan. Irudia eta bat datorkion testu laburra duten argazkiak dira memeak. Maiz, satira, umore beltza eta ironia ukituak izaten dituzte memeek, eta baliteke hortik etortzea umore mota horren arrakasta: soiltasuna eta garraztasuna.

Ez dago inon zehazturik memeak noiz hasi ziren eta nork sortu zituen. Besterik gabe, Interneten hasieratik hor egon da umore mota hori. Urteekin, baina, estetika eta gustu garaikideetara moldatuz joan da memegintza. Bada, ordea, irudion izenaren jatorriari buruzko bitxikeria bat: kultur transmisioa eta geneak aztertzen dituen memetika zientzia alorrean du iturria: transmititu daitekeen gutxieneko informazio unitateari esaten zaio meme.

Euskal Herrian, iazko urtarrilean sortu ziren lehen meme kontuak euskaraz. Dagoeneko hamarnaka kontu aurki daitezke sare sozialetan, zein baino zein jarraitzaile gehiagokoak. Hain zuzen ere, Bilboko bi lagunek sortu zuten Instagrameko euskarazko lehenetariko meme kontua: @trapnaldo. Trap kulturaren zaleak izanik, kultura hori Euskal Herrira ekartzeko apustua egin zuten: «Guk kontu batzuei jarraitzen genien sareetan, eta umore hori euskaraz egin genezakeela pentsatu genuen», azaldu du kideetako batek. Traparen eta politikaren inguruko memeak egiten dituzte, eta bi horiek bilduko zituen izena jartzea erabaki zuten: trapa eta Arnaldo Otegi, Sortuko idazkari nagusiaren izena.

«Friki» eta «memeen ohiko kontsumitzaile» gisa definitzen dute beren burua @mc.eto kontuaren atzean dauden lau lagunek. Ez dute izenik eman nahi. Barre artean azaldu dute euskal memegintzaren «olatua» hasi berri zenean ekin ziotela memeak egiteari, eta aitortu dute ez zutela espero izan duten oihartzuna izatea: «Ikusi genuen zerbait martxan zegoela, eta pentsatu genuen guk ere egin genezakeela. Are gehiago, hobeto egingo genuela. Esperantza handirik ez genuen, egia esan».

Kontu bakoitzak bere ezaugarriak ditu: meme mota, testua eta jorratzen dituen gaiak. @mc.eto-ren memeek gai politikoak, sozialak eta egunerokoak lantzen dituzte. Gainera, jarraitzen dienak jakingo du Ezkerraldekoak (Bizkaia) direla, erreferentzia ugari egiten baitizkiote hango egoera ekonomiko eta sozialari, eta baita euskarari ere. «Gure umore propioa ere badugu, eta baliteke jendeak ez ulertzea», argitu dute ezkerraldekoek. Bilbotarren kasuan, trapa izan zuten inspirazioa hasieran, baina beste gai orokorragoetara jo dute gerora: «Guk politikaz ere hitz egiten dugu, baina ez dugu @mc.eto-koek bezainbesteko karga ideologikorik».

'@trapnaldo'-ren meme bat.

Memegintzaren booma

Ez zuten espero arrakastarik, ez eta inolako fenomeno oso bat sortuko zutenik ere. Euskarazko memeak zabaltzen kontu gutxi batzuk hasi ziren, baina, hilabete gutxian, Euskal Herriko txoko askotan hasi ziren azaltzen meme kontuak. Nazio ikuspegiari buruzkoak edo eskualdekako umorea dutenak, gai politikoen ingurukoak edo parranda eremukoak. Gustu eta publiko desberdinentzako nahi adina meme kontu aurki daitezke gaur egun Instagramen: @xolomogagnstak, @iruindarrata, @bilbadotarra eta @komandoalboka dira horietako batzuk.

Horrenbeste kontu agertzearekin «merkatuak gainezka» egin zuela azaldu dute @mc.eto-koek. Haiekin batera sortu ziren kontu batzuek utzi egin dutela gaineratu dute, lan handia eskatzen baitu. Ezkerraldekoen arabera, egunero elikatu behar dira, gazteek etengabe kontsumitzen dituztelako sare sozialak: «Jarraitzaileek meme berriak espero dituzte. Ez baduzu kontua zaintzen, hil egiten da».

Fenomeno horren bukaerari buruz mintzatu dira @trapnaldo kontuko lagunak. Uste dute moda hori laster amaituko dela, baina beste moda batzuk etorriko direla espero dute, eta hor ere euskararen presentzia egotea gustatuko litzaieke. Hain zuzen ere, Bilbokoek bukatutzat eman dute @trapnaldo meme kontuaren ibilbidea: «Gure helburua zen umore mota hau Euskal Herrira ekartzea eta euskaraz egiten ikastea», helburuak bete dituztelakoan, aurrerantzean ez dute memerik igoko.

Kontrara, Ezkerraldekoek etorkizun hobea iragarri diote euskal memegintzari: «Guk aspalditik begiratzen genituen hainbat meme webgune. Kontsumitzeko modua eta memeak aldatu diren arren, gaurko ezaugarrietara moldatu dira», eta, ildo horretatik, erantsi dute etorkizunean ere moldatuko direla. Arazoak sumatu dituzte originaltasunari eusteko, baina, aldi berean, gaur egun esaldi eta irudi oro «memegarriak» direla adierazi dute.

«Euskaraz ez zen horrelako umorerik egiten, eta mundu guztiari gustatzen zaion zerbait da», esan dute @trapnaldo-ko kideek. Aitzakia hori erabili zuten euskarari beste bide bat emateko. Bestalde, @mc.eto-koek ere hautu «militante» gisa sortzen dituzte memeak euskaraz. Kritika ugari jaso dituzte, maiz gaztelerara eta ingelesera jotzeagatik. Baina memegileek defendatu dute umore mota horren berezko hizkuntza horrelakoa dela: «Jatorrizko memea ingelesezko film batean oinarritua badago edo esaldi jakin batean, hala uzten dugu».

'@trapnaldo'-ren meme bat.

Bestalde, azpimarratu dute kontuan hartu beharra dagoela kontuetako bakoitzaren testuinguru linguistikoa, euskara «naturala» ez den inguru batean daudela argudiatuta: «Gure errealitatea hori da, eta erabiltzen dugun euskara horrelakoa da», esan du @trapnaldo-ko batek. Bi kontuek goraipatu dute, esaterako, @xolomogangsta-k lortu duena. Inglesera jotzen duen arren, hizkera propioa lortu duelako: «Zaila da horrelako baliabideak euskaran txertatzea». Akats ortografikoak eta gramatikalak ere badira kritikarako iturri, baina ongi hartu dituztela azaldu dute. Adierazi dute garrantzitsua dela nork bere buruaz barre egitea ere, eta ergatiboaren adibidea jarri dute.

Memeak modan daudela ezin da ukatu. Hain zuzen ere, proiektu berri bat aurkeztu dute duela gutxi, haurrek euskara modu ludikoan erabiltzea xede duena: Hizkuntzarekin jolasean. Sareek eta umoreak eskaintzen dituzten baliabideak aztertzen eta sustatzen ditu egitasmo horrek. Proposamenen artean, memeak sortzeko unitate didaktiko bat prestatu dute. Antton Telleria irrati esataria da proiektuan parte hartu duten kideetako bat.

Telleriaren arabera, «sintoma ona» da euskara sareetako umorean presente egotea: «Mundua erritmo batean badoa, euskara ere egon dadila hor», eta euskara datozen joera eta moda berrietan txertatzearen alde azaldu da. Kontua hartuta gazteek kontsumitzen dituztela memeak, uste du euskara tresna on bat izan daitekeela, hizkuntzari bide berriak zabaltzeko.

Telleriak adierazi du komedia egitea ez dela beti erraza izaten: «Umoristaren figura gutxietsia izan da, eta euskaraz, are gehiago. Jakingo balute zer zaila den barreak eragitea...». Euskarak umorearekin duen auzi horretan, bere aurreko belaunaldien ahaleginarekin lotzen du. Izan ere, asko borrokatu behar izan baitziren euskaraz bizi ahal izateko. «Mezu hori jaso dugu: euskara altxor bat da eta kontuz zer egiten duzuen altxor horrekin».

Ildo horretatik Nerea Arriola aktore eta umoristak ere nabaritu du oztopo hori. Arriolaren hitzetan, euskara «baldintza» askoren menpe dagoen hizkuntza da oraindik, eta izaera jakin bat eman zaio: «Serioa, purua eta zintzoa», eta gehitu du «zaila» dela uste horretatik ateratzea. Bestalde, komedia egiteko euskal erreferenteen falta sumatu du Arriolak: «Esango nuke Wazemank! izan dela euskal umoregintzan egondako erreferente bakarrenetarikoa. Ez dugu beste eredu askorik». Ondorioz, kanpoko erreferenteetara jotzen dugula esan du.

Umorearen mugez

Baina dena ez dira barreak. Memeekin iraindua sentitu denik ere bada. Izan ere, politika gaietan batik bat, oso kritikoak izan dira alde bateko eta besteko erakundeekin. «Gu mundu guztiarekin sartzen gara», adierazi dute @trapnaldo-koek. Bilbotarrek argi utzi nahi izan dute helburua ez dela inondik inora iraintzea, Euskal Herriko egoeraz barre egitea baizik. @mc.eto kontuko memegileek ere jakinarazi dute umorea dela haien helburua, eta memeei ematen zaien garrantzia gehiegizkoa izan daitekeela: «Ezin da meme kontu bat kanal ofizial baten moduan hartu». Kontu horietako sortzaileek irainak eta mehatxuak jaso dituzte egindako txisteengatik. Egoera horretara irits zitezkeela bazekiten, baina normaltasunez bizi, eta garrantzi handiegirik ez ematen saiatzen dira.

Umorearen mugak «delikatuak» direla adierazi du aktoreak, eta sarri «politikoki ez-zuzena» izatera irits daitekeela. Hala ere, Arriolaren ustez, gakoa da umorea nork eta nola egiten duen: «Erreminta bat da, eta gizartearen isla. Umorea goitik behera egiten denean, zapaltzailea da, eta behetik gora egitean, berriz, iraultzailea». Feminismoaren kasua jarri du horretarako adibide: umorea feminismoz egitean, baliteke politikoki ez-zuzena izatea, baina beharrezkotzat jo du, matxismoari aurre egiteko tresna gisa.Horregatik uste du memeekin eta umore ironikoarekin irainduak sentitzen direnak «erosotasun posizio» batean daudenak izan ohi direla. Hari horri eutsita, erantsi du «zuzentasunaren mugetara» iritsi behar dela, eta berretsi du: «Umorea erreminta on bat da mezuak helarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.