Umorea eta entretenimendua Gaztea irratiaren podcast berrian

'Benetan zabiz?' podcasta estreinatu du EITBko irratiak. Aitziber Grados Muñoa eta Malen Altuna Biteri dira aurkezleak

Malen Altuna eta Aitziber Grados, grabaketan. OIHANE ALONSO ESCUDERO.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gaztea irratiak podcast berria sortu du: Benetan zabiz?. Aitziber Grados Muñoa eta Malen Altuna Biteri dira aurkezleak, eta astero saio bat aterako dute. Podcastean entretenimendua eta umorea dira nagusi, eta gonbidatu bat ekarriko dute saio bakoitzeko. Ostiralero atal berri bat egongo da entzungai EITB Podkasten, eta igandean Gaztea irratian,15:00etatik 17:00etara. Irailaren 16an atera zuten lehenengo atala, eta gaur publikatuko dute hirugarrena.

«Ez dugu elkarrizketa formal baterako tartea sortu nahi», azaldu du Altunak. Gonbidatuarekin batera, hiruren artean sortzen den hizketaldia da podcastaren ardatza. «Gonbidatuaren alde intimoena eta lotsagabeena bilatu nahi dugu, eta lotsarik gabe hiruron artean elkarrizketa sortu», gehitu du Gradosek.

Izenburuan «kuriositateari» egin diote erreferentzia. «Edozein gairen aurrean harridura erakusteko erabiltzen dugun esaldia da», dio Gradosek. «Bizitza errealean asko erabiltzen dut nik», gehitu du Altunak.

Grados eta Altuna batera ibili ziren bekadun joan den ikasturtean Gaztea irratian. Dida magazinean, sekzio labur bat egin zuten elkarrekin. Lan talde ona osatzen dutela uste dute biek. Hamar minutuko sekzio batekin hasi, eta bi orduko podcasta sortuko dute orain bi lagunek. Oraindik ikasten ari dira, Altunaren hitzetan: «Sekula ez dugu horrelakorik egin, baditugu kontuak hobetzeko; guretzat erronka bat izaten ari da».

Astero gai bat aukeratzen dute. «Gaia adostea ez da erraza, gustatu behar zaigu eta gonbidatu egokia aurkitu behar dugu», adierazi du Altunak. Denbora ematen dute gaia aukeratzen, baina, gero, nahiago dute gidoirik ez egin.

«Kazetaritza ikasi dugunez, ohituta gaude elkarrizketa egin aurretik dokumentazioa bilatzera», dio Gradosek. Podcastean nahiago dute horrela ez egin. Puntu batzuk zehazten dituzte, baina ez dute zehatz-mehatz idazten: «Zerbait ez dakigunean, Benetan zabiz? esaldia benetan esan nahi dugu». Altunak esan du «era guztietako» galderak egiten dituztela, «ikasteko».

Podcastaren berezitasunetako bat atal bakoitzaren amaieran irekitzen duten kutxa da. Gonbidatu bakoitzak galdera bat sartzen du bertan, hurrengo gonbidatuak erantzuteko. «Galdera arraroak eta originalak eskatzen dizkiegu», argitu du Gradosek.

Grabaketa, beren kabuz

Saio guztiak beren kontura grabatzen dituzte: normalean, ostiraletan, Gradosen etxean. Beste lagun bat egoten da haiekin, Oihane Alonso. Alde teknikoaz arduratzen da, eta sare sozialak kudeatzen ditu.

Benetan zabiz? podcastak garrantzi handia ematen die sare sozialei. Gradosek azaldu duenez, saioa kamera batekin ere grabatzen dute: «Ez dugu bideo formatuan jartzen sarean, baina sare sozialetan gure ahotsari aurpegia jarri nahi diogu». Instagram eta Tiktok sare sozialetan daude: @benetanzabiz. Altunak azaldu du sare sozialak ez daudela planteatuta promoziorako, baizik eta beste eduki batzuk eskaintzeko: «Eduki zehatza egiten ari gara sare sozialetarako, ez bakarrik abisatzeko bihar aterako dugula saio berri bat, adibidez».

Bi aurkezleak «harrituta» daude Instagramen izaten ari diren harrerarekin: «Oso denbora gutxian jarraitzaile asko lortu ditugu, eta jende ezagunak ere jarraitu gaitu».

Grabazio egunetan «oso ondo» pasatzen dutela onartu du Altunak, nahiz eta batzuetan nekatuta amaitu. Egun berean saio bat baino gehiago grabatzen dituzte. Grabaketa egiteko baliabide gutxi dituztela azpimarratu dute biek. Ez dute estudiorik, eta mikrofonoak haiek jarri behar izan dituzte. Horregatik, badakite kalitate aldetik «ez dela programarik onena». Gradosen arabera, «originaltasunean eta naturaltasunean irabazten du».

Bi aurkezleek ondo gogoan dute grabaketen hasiera. «Saio bat grabatu behar genuen Erandio inguruko lokal batean», azaldu du Gradosek. «Erandiora joan ginen, eta, grabaketarekin hasteko prest geundenean, ondoko gelan heavy metal estiloko musika talde bat hasi zen entseatzen», kontatu du. Momentu horretan, irtenbideak bilatzen hasi ziren: «Nora joango gara?». Galdakaoko (Bizkaia) Mozoilo Irratira joan behar izan zuten grabatzera: «Kostata, baina lortu genuen. Momentu horretan ez, baina orain barregarria iruditzen zaigu heavy metalaren kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.