Musika eta umorea izango dira, beste behin, Gabonetako programazioaren ardatz nagusiak Euskal Telebistako bi kateetan. Urtero bezala, familiako kide guztientzako eskaintza zabala prestatu dute Gabonetarako.
Eguberrietako saioetan, aurreko urteetan erabilitako formula bera erabiliko dute. Aurreko urteetan bezala, Euskal Kantuen Gaua emango dute Gabon gauean ETB1en. Aurtengo Euskal Kantuen Gaua 2013 saioan, athleticeko jokalariak ikusi ahal izango dira The Beatles taldeko John Lenon, Paul McCartney, George Harrison eta Ringo Star bihurtuta. Txuri-gorrien taldeko Iker Muniain, Markel Susaeta, Oscar de Marcos eta Mikel Balentziaga futbolariek Love me do abestuko dute Gabon gauean.
ETB2n, berriz, Gabón, Buenas Noches umore saioa izango da egun berean. Bilboko itsasadarrean izango diren bi itsasontzietatik eta zubitik gertu agurtuko dute 2013. urtea telebistako aurkezle eta aurpegi ezagunek. Bizkaiko Zubitik eskainiko dituzte kanpaiak Euskal Telebistako bi kateek. Zubi horrek 120 urte bete ditu aurten, eta egun horretarako eraikitako erlojua ikusi, eta su festa emanaldia ere izango dira Urtezahar gauean Bizkaiko Zubiaren inguruan.
ETB1en kasuan, Kontrako eztarria programak emango ditu urte amaierako kanpaiak: Anjel Alkain, Iker Galarza, Xabier Euzkitze, Jon Plazaola, Sara Cozar, Paulino, Michael Morris eta Alex Sarduik itsasontzian jango dituzte mahats aleak.
Bigarren itsasontzian, ETB2ko pertsonaia ezagunak izango dira: Africa Baeta Teleberri albistegiko aurkezlea eta El Conquistador saioko lankideak. Azken horien artean: Julian Iantzi, Patxi Alonso, Juanito Oiarzabal eta Jose Luis Korta izango dira.
Zinema eskaintza zabala
Euskal telebistak zinema eskaintza oparoa prestatu du Gabonetarako. Eskaintzaren osagai nagusiak: nazioartean arrakasta handia izan duten filmak,umeentzako animaziozko zinema eta euskal ekoizpenak izango dira.
Urteberri egunean, Bypass komedia eskainiko du ETB1ek. Filmean, gezurrezko maitasun batek korapilatu egingo ditu protagonisten bizitzak. Egun berean, Urte Berri On, Amona! komedia beltza ere emango du kateak, eta film horretan, Mari izeneko amona berezi samarra zaindu behar duen familiaren gatazkak kontatzen dira.
Bestalde, ETB2ko La noche de...zinema saioak Dragoi ehiztaria filma emango du lehen aldiz telebistan.
Horrez gain, Robin Hood eta Salt pelikulak ere emango ditu ETB2 kateak Gabonetan, baina oraindik ez dute zehaztu zein egunetan emango dituzten.
Sare soziala filma EITBko bi kateetan izango da ikusgai urtarrilean. Film horrek Facebook sare sozialaren hiru sortzaileen historia du hari nagusi.
ETB3k umeen oporraldietara moldatuko du programazioa, eta, egunero, 08:30etik aurrera, animazioko film bat emango du. Horien artean: Piccolo eta Saxo; Scriff: udagau bateko ametsa; Momo; Harri magikoaren bila, Txiolinen hegaldi luzea eta beste hainbat emango dituzte.
Gainera, Gabonetako jaiegunetan —Eguberri, Urteberri eta Errege egunetan—, ETB3ren zinema eskaintza 17:30etik aurrera hasiko da.Tarte horretan, Ga'hoole: Zaintzaileen kondaira emango dute.
Miramongo ekoizpengunean ere bi saio landuko ditu Euskal Telebistak. Batetik, Euskadi Movie esketx saioa prestatuko dute, eta bestetik, Kontrako eztarria saioko lagunek To Mahatsak jaia prestatuko dute.
Komunikazioa
Umorea EITBko Gabonetan
Eguberrietako 'Euskal Kantuen Gaua' saioan, Athletickeko jokalariek 'Love me do' abestuko dute. Gabon zaharreko kanpaiak, berriz, Bizkaiko Zubitik eskainiko dituzte Euskal Telebistako bi kateek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu