Serio aurpegiarekin eta profesionaltasunez aurkezten dute asteartero Beranduegi Gorka Bereziartuak (Hernani, Gipuzkoa, 1984) eta Unai Break (Berango, Bizkaia, 1974).
50. atala datorrela eta, zerbait berezia prestatu al duzue?
GORKA BEREZIARTUA. Saio berezia izango da: gonbidatuak, efektu bereziak... eta, bukaeran, Unai biluztu egingo da.
UNAI BREA. Horren ostean esku biak lotuko dizkidate, eta, hala ere, autografoak sinatzeko gai izango naiz. Mundiala izango da!
Aurreko batean, arratsalde hasierarako ikusgai zegoen saioa. Goizegi iruditu zitzaidan. Zer gertatu zen?
U.B. Software berri bat erosi dugula, Amonarriz 3.0 izenekoa. Horri esker, umoregintza askoz errazagoa bihurtu da Euskal Herrian. Sartzen diozu gaia, demagun, Patxi Lopez, eta bi klik eginda matrailezurra jalgiarazteko moduko txisteak prestatzen dizkizu.
Maien arabera, munduaren amaiera dator aurten, San Tomas egunean. Pentsatu al duzue zer egin beranduegi izan baino lehen?
U.B. Nik, edozer gertatzen dela ere, Metroko grebalariei botako diet errua.
G.B. Gainera, maien profezia hori oso zaharkitua geratu da. Paco Rabannek MIR espazio-estazioa paristarren buru gainera eroriko zela esan zuenekoa, hura bai profezia!
Aurreko denboraldian Gorka bakarrik aritzen zen. Zu, Unai, zer zeunden jeloskor?
U.B. Tira, jeloskor-jeloskor ere ez nuke esango, beste zerbait zen, nola esan… Bai, jeloskor nengoen, arraioa!
Saioa grabatzen duzuen bitartean aritzen al da norbait Argia-ko erredakzioan lanean?
G.B. Grabatzen hasten garenerako, normalean ez. Izan ere, grabatu aurretik gidoia prestatu behar da, kamera jarri, fokuak, tabernara joan, ardo batzuk edan, debaldeko istiluren batean sartu… Zeregin garrantzitsu asko dauzkagu grabaketa prest egon aurretik. Eta, jakina, berandu samar hasten gara. Beranduegi.
U.B. Bestalde, ezin gure lankideei leporatu telebistan agertu zale izatea; grabazioa hasiko dela igarri orduko, denek gogoratzen dute premiazko enkargu bat egin behar dutela erredakziotik kanpo.
Krisiaren erdian gaude, eta zuek gorbatarekin. Ez zarete iritsiko Gipuzkoako ahaldun nagusi izatera?
G.B. Horretan arrazoi duzu. Baina Gipuzkoan kazetari bat Foru Aldundiko buru dagoenez, beharbada Unai Bizkairako aurkez dezakegu.
U.B. Izan ere, 50. saioan biluzik agertu ostean ez daukat hauteskundeak galtzerik.
ETAk urriko erabakia adierazi ostean, Beranduegi-ren iragarki batek esaten zuen su-etenik ez zegoela. Zuek zer pauso emateko prest zaudete konponbideari begira?
G.B. Benetan 49 saioak ikusi dituzula? Eta hala ere zerbait konpontzeko gai garela uste duzu?
Gernikako Akordioak zer dio Beranduegi saioaren inguruan?
G.B. «Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza» aipatzen da Gernikako Akordioan, eta nik horretan ez dut zalantzarik: umore politikoa eskubidea da.
U.B. Batzuek eskubide politikoez barre egin arren.
Kofi Annani bidali al zenioten kofiaren txantxa? Ez zarete Basagoiti bezain ausartak.
U.B. Nola? Ez zenekien Kofik berak proposatu zigula txantxa hura egitea? Edo Morgan Freeman zen?
G.B. Arrazoi duzu, Basagoiti gu baino ausartagoa da. Eta umoregile hobea ere bai, nahiz eta ez dakidan konturatzen ote den…
Aurreko batean, Hitzetik Hortzera-n Jon Artanok honako hau esan zizuen: «Ormaiztegiko zakurrarena egin duzue. Harrapar y pasar».
G.B. Lore polita bai. Baina, noski, gero Ormaiztegiko zakurraren jabea etortzen zaizu, ea orain nola joango den ehizara zakurrik gabe; zer ostiatan gabiltzan… eta, jakina, problematikoa da.
Beranduegi-rengatik sariren bat jasotzen baduzue, egongo da atzeko lana egiten duen bat laudoriorik merezi duena.
G.B. Bai. Axier Lopez da kontu honekin lanordu gehien sartzen duen pertsona. Grabazioa, edizioa, postprodukzioa… Hori, triste gaudenean gu animatzeko hartzen duen lana kontuan hartu gabe; edo norbait kontu eske etortzen denean bizkartzain inprobisatu gisa egiten duen lana.
U.B. Jasoko ez ditugun sari horiek guztiek, nonbait egotekotan, Axier Lopezen etxeko bitrinan egon behar lukete.
Hurrengo elkarrizketa txirrindularitzaz egingo dizuet. Ados?
G.B. Bai. Azken finean, den-den-denari buruz iritzi bat edukitzeko balio ez badu, zertarako sartzen zara kazetaritzaren mundu honetan?
U.B. Bat nator. Nik txirrindularitzaz tutik ez, baina nork egingo dio kontra gorbataz jantzitako batek esandakoari?
Komunikazioa. Gorka Bereziartua eta Unai Brea. 'Argia'-ko kazetariak
«Umore politikoa eskubidea da, batzuek eskubideez barre egin arren»
Datorren asteartean, 'Beranduegi' webtv saioa 50. atalera iritsiko da. 'Argia.com' -en ikusteaz gain, Hamaikak eta Goienak emititzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu