Ulu Media ekoiztetxeak Ulua izeneko hedabide digitala plazaratuko du. Bihar emango dute ezagutzera, eta etzi jarriko da martxan. Bideopodcastak izango dira hedabidearen oinarri, eta Youtube eta Spotify plataformetan zabalduko dituzte, ikus-entzuleek nahieran kontsumitu ahal izateko.
«Talde gazte bat gara, eta sareetan eduki asko kontsumitzen dugu egunerokoan. Nabaritzen genuen hutsune bat guretzako euskarazko eduki freskoa eta entretenimenduzkoa topatzeko orduan», kontatu du Asier Errastik, Ulu Mediako kideak. Jorratuko dituzten gaiak izango dira, besteak beste, pop kultura, sare sozialak, bizimodua, osasuna, feminismoa, aktualitatea, umorea eta iritzia.
«Guk plazerez kontsumituko genukeen edukia sortu dugu, neurrira egindako jantzi baten antzera»
ASIER ERRASTIUlu Mediako kidea
Bideopodcastez gain, podcastaren bertsio osoa ere entzungai egongo da Spotifyn eta bestelako audio euskarrietan. Instagramen, Tiktoken, Youtube Shorts-en eta X-n, berriz, podcast horietatik ateratako bideo bertikalak argitaratuko dituzte.
Euskaraz eta euskaratik egingo dute. «Guk plazerez kontsumituko genukeen edukia sortu dugu, neurrira egindako jantzi baten antzera», azaldu du Errastik. Garrantzi berezia emango diote sare sozialetan «egungo jargoia eta tonua» erabiltzeari, gertutasuna eta konplizitatea lortu nahi baitute.
Asmoa dute pantailen beste aldean daudenak ere proiektuaren parte egiteko, eduki sortzaile digitalek egiten duten moduan. «Asko begiratzen diegu Espainiako Estatuko eta Frantziako Estatuko sortzaileei, baita ingelesez sortzen dutenei ere».
Formatu ezberdineko bospasei eduki ekoitziko dituzte otsailera bitarte. Ordutik aurrera, berriz, eduki gehiago eta pertsona ezagunak batuko dira proiektura. Aurreratu dute aurkezpen ekitaldi handi bat egingo dutela orduan, horiek iragartzeko.
Ulu Mediaren hausnarketa propiotik sortutako behar bati erantzuteko ekoitziko duten lehen aldia da; orain arte, bezeroentzat ekoitzi izan dute. Nabarmendu dute ez daudela enpresaren baten edo erakundeen menpe: «Erabat libreak gara, eta ez diogu azalpenik zor inori». Uste dute badela garaia ausartak izateko.
PODCAST BAT GAI BAKOITZEKO
- 'Hamaiketakoa': Oier Aranzabalek, hamaiketako baten bueltan, pertsona interesgarriak gonbidatuko ditu estudiora, 11:00etan. Pertsonekin konektatzeko eta haiekin elkarrizketa goxo bat izateko beta izango du.
'Lista beltza': Alai Ormazabal musikari eta ekoizleak abesti bat izango du ardatz atal bakoitzean. Abestia xehatuko du; konposiziotik hasi, eta ekoizpeneraino. Sorkari horien atzean «ezkutuan» dauden artistak nor diren ere argituko du.
'Arnasa': «Askatu beharreko korapiloak askatzeko» arituko da Naomi Mendizabal podcastean: dolua, haserrea, amatasuna, kirol proba baterako prestakuntza... Urratsak astiro egin eta modu osoan bizitzen ikasteko aholkuak emango ditu.
'Glitx': Asier Errastik Interneten, sare sozialetan eta industria teknologikoan gertatutakoak kontatuko ditu astero, minutu bateko Reel edo Tiktok batean.
'+ = -': Aktualitatea landuko dute, baina albisteak baloratuz: astean zehar Euskal Herrian edo nazioartean albiste izan diren gertakizunak edo pertsonaiak «+», «=» edo «-» ikurren bidez baloratuko dituzte.
'Bineta': Erregetxok umorezko binetetan uztartuko ditu Euskal Herriko gaiak eta gaurkotasuna.