Ulu Mediak 'Holobiontea' fikzio berria grabatuko du

EITBk 2024an estreinatuko du euskarazko fikziozko podcasta. Penguin argitaletxearen hornitzailea bilakatu da Ulu Media

Lasarte-Orian jarri du bere estudioa Ulu Media ekoiztetxeak. Estudioak sei sala ditu. GOTZON ARANBURU / FOKU.
urtzi urkizu
Lasarte-Oria
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Podcastak eta audioak egitearekin lotutako askotariko egitasmoak lantzen ari da azkenekohilabeteetan Ulu Media ekoiztetxea. Bere proiektu kutunenetako bat Artxipelagoa fikziozko podcasta izan du —hiru denboraldi grabatu dituzte—, eta datorren ikasturtean beste fikzio bat grabatuko dute EITB taldearentzat: Holobiontea. Sei ataleko serie bat izango da, zientzia fikziozkoa, eta asmoa litzateke EITBk 2024ko otsailean estreinatzea.

Oier Arantzabal Ulu Mediako Sormen zuzendariak iragarri du fikzio berriak «kutsu distopikoa» izango duela, nahiz eta Artxipelagoa-ren desberdina izango den. «Gaur egungo Euskal Herrian girotua egongo da. Kostaldeko herri batean izandako gertakari bitxi bat izango du istorioak abiapuntua». Artxipelagoa-ren zuzendariaren arabera, Holobiontea-n «istorio oso indartsua» dute kontatzeko. Gidoiekin lanean ari dira egunotan.

Artxipelagoa-ren lehen denboraldiak komiki digitalera jauzi ere egin du —asteon argitaratu dute komikiaren azken atala—. Ez dago jakiterik nolako bidea egingo duen Holobiontea-k, baina Arantzabalek nabarmendu du ahotsak «punta-puntako aktoreek» jarriko dituztela.

Ulu Media Artxipelagoa-k hauspotuta sortu zela gogoratu du Arantzabalek: «Indarra hartu zuen proiektuak, eta horrek pentsarazi zigun gure estudioa behar genuela. Gainera, toki fisiko bat partekatzeak bere abantailak ditu». Ikasturte honetan jarri dute martxan Ulu Studio, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). «Soinu diseinurako pentsatua dagoen estudio bat da».

Sei sala ditu estudioak. Horietatik lau akustikoki prestatuta daude grabaketarako zein entzuketa kritikorako eta nahasketarako zein masterizaziorako. Beste biak bilera gela eta erlaxazio gunea dira. Kontrol gelek Dolby Atmos teknologia dute.

Gainera, estudioa Dante sistemaren inguruan ardaztu dute. Sistema horrek sare bidezko audioa eskaintzen die langileei, eta, horrenbestez, lau estudio edo bakarra dutela diote bazkideek. Izan ere, gela batetik aldi berean beste hiru geletako audioa graba dezakete.

Penguinen audio liburuak

Podcastak egiten espezializatua dago Ulu Media ekoiztetxea, baina audio lanak beste esparru batzuetara zabaltzen ari dira. Lortu dute Penguin Books argitaletxearen hornitzaile bihurtzea. Arantzabalek kontatu duenez, argitaletxe horretako arduradun bat gerturatu zitzaien Ondas sarietan, eta bilera batera deitu zituzten. Penguinentzat audio liburuak euskaraz eta gaztelaniaz grabatuko dituzte datozen hilabeteetan. «Haien bidez audio liburuetan sartzea pozgarria izan da. Guri ate berri bat zabaltzea ekarri digu ekoiztetxe moduan», gaineratu du Ulu Mediako Sormen zuzendariak.

Bestelako egitasmo batzuetan ere ari dira lanean Ulu Studion. Cristina Tapia Huizik zuzendutako Harresi ikusezina podcastak euskarazko, gaztelaniazko eta jatorrizko bertsioak izan ditu orain arte, eta frantsesera bikoiztutako bertsioa datorren ikasturtean estreinatuko dute. Frantzian nola kaleratu bilatzen ari dira egun. «Oso gustura gaude gaia sakon eta arnasa luzearekin landu genuelako, eta istorioko protagonistak emaitzarekin pozik daudelako», aipatu du Arantzabalek.

Ulu Mediaren beste produktu bat Ispilu beltza kultur irratsaioa da. Asier Errastik gidatuko du irailetik aurrera. Eraberritu egingo dute, eta desberdin tratatuko dituzte irratirako eta podcasterako.

Arantzabalek azaldu duenez, beste erakunde eta eragile batzuekin ari dira lanean —batzuk publikoak eta beste batzuk pribatuak—, eta eduki berriak iritsiko dira laster. «Gainera, elkarlanak bilatu nahi ditugu beste hedabide batzuekin eta beste proiektu batzuekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.