UEMAko 85 herritan estreinatuko dute 'Irabazi arte'

Hilaren 14an, 15ean eta 16an egingo dituzte telesailaren laugarren denboraldiko lehen atalaren proiekzioak.

'Irabazi arte' telesailaren aurrestreinaldia, Donostian, otsailaren 2an. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Irabazi arte' telesailaren aurrestreinaldia, Donostian, otsailaren 2an. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko otsailaren 10a
12:00
Entzun

Itzultzear da Irabazi arte euskarazko telesaila. Denboraldi berriko lehen atala otsailaren 21ean izango da ikusgai ETBren lehen katean. Makusi plataforman astebete lehenago estreinatuko dute: ostiral honetan, eta Euskal Herriko hainbat herritan proiekzioak egingo dituzte egun berean, larunbatean edo igandean.

Iaz, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko elkarlan hitzarmen bat sinatu zuten lehen aldiz UEMAk eta EITBk. Eta hitzarmen horren barruan, UEMAk lizentzia du euskarazko telesailik arrakastatsuenak udalerri euskaldunetako zinemetan eta aretoetan emateko.

Azaroan heldu zen hitzarmenaren lehen emaitza, eta UEMAko kide diren laurogei bat udalek Go!azen telesailaren denboraldi berria estreinatu zuten. Udalek nabarmendu zuten eskaintza areagotzeko beharra zegoela, euskarazko ikus-entzunezkoek izaten duten harrera onari erantzuteko.

Horregatik, Irabazi arte telesailaren laugarren denboraldiko lehen atala emango dute datorren asteburuan UEMAko kide diren 85 udalerritan, udalekin eta EITBrekin lankidetzan. Aurreko asteetan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzte aurrestreinaldiak.

Irabazi arte EITBren transmedia proiektu bat da, eta telesailaz gain baditu beste hainbat euskarri ere: emakumezko kirolari erreferenteak ezagutarazteko podcasta, Nerea Loiolak idatzitako eta Aitziber Alonsok ilustratutako komiki digital interaktiboa, eta eduki ugari sortzen eta zabaltzen duten sare sozialetako kontuak eta kanalak.

Printzesak futbol taldeko kideen gorabeherak dira telesailaren ardatza, eta nerabe eta gazteen ohiko kontuak islatzen ditu: ikasketak, maitasuna, homofobia eta emakume izateagatik jasan beharreko gutxiespena, besteak beste, betiere suspensea elikatuta.


Euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko

UEMAren arabera, azken ikerketek erakutsi dute euskal kultur kontsumoa erdarazkoaren oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. UEMAk gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz 2022an argitaratutako ikerketan ere erakutsi zuten pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza ohituretan.

Hori aldatzeko, UEMAk ezinbestekotzat jo du euskarazko eskaintza zabaltzea. Bide horretan beste urrats bat egin nahi izan du UEMAk, EITBrekin sinatu duen hitzarmena baliatuta.

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EITBren Primeran eta Makusi plataformak ere sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.