Egunotan jakinarazi dute Uber enpresak zer-nolako estrategiak erabiltzen dituen herrialdeetara iristeko, zabaltzeko eta lan egiteko. Lizentziarik gabeko taxien multinazionalak herrialdeetako araudiak urratu ditu, gobernuak estutu ditu, enpresaren kontrako istiluak baliatu ditu,gidariak esplotatu... Hori guztia, hainbat herrialdetako gobernuetako goi kargudunen babesarekin. Haiengana iristea eta bere alde egitea lortu baitzuen Uberrek: Emmanuel Macron Uberreko arduradunekin bildu zen, eta haien alde egin zuen, esaterako, Ekonomia ministro zenean. Enpresaren eta haren aldekoen jokabideak erakutsi ditu Mark MacGannek The Guardian egunkariari helarazitako 124.000 agiritan —mezuak—, 2013 eta 2017 artekoak denak. MacGann Uberreko lobbysten burua izan zen Europan, Ekialde Hurbilean eta Afrikan.
Uberrek komunikabideetako nagusiak ere baliatu ditu bere aldeko mezuak zabaltzeko eta herrialde batzuetako gobernuetan eragiteko asmoz. Gobernuen aurrean enpresaren alde hitz egiteko eskatu zien. Kasuren batean, enpresaren akzioak saldu zizkien komunikabideetako jabeei, mesedeen truke.
Akzioak laguntzaren truke
Europako eta Indiako egunkarien eta astekarien kasuak ageri dira egunotan kaleratutako agirietan: Alemaniako Die Welt eta Bild; Erresuma Batuko DailyMail; Frantziako LesEchos; Indiako Times of India; eta Italiako La Republicca eta L'Espresso.
Uberrek bost milioi euroren akzioak saldu zizkion Axel Springer Die Welt eta Bild-en jabeari, 2015ean. Springerrekin izandako harremanen eta akordioaren helburua zen Uberrek babesa eta eragiteko gaitasuna lortzea, ez bakarrik Alemanian, baita Bruselan ere. Agirien arabera, 2015eko abenduan Uberreko goi kargudun batek posta elektronikoz mezu bat bidali zion enpresako komunikazio arduradunari, Springerrekin zuten harremanari buruz: «Oso interesatuta daude akordio txiki batean, esaterako, bost milioi eurokoa, akzioen truke. Kasu honetan, guretzat funtsezko balioa babesa eta eragina da, Alemanian eta Bruselan». Uberreko goi kargudunak idatzitako mezuaren arabera, zera esan zieten: «Asko lagundu diote beste enpresa teknologiko bati Alemaniako politikan, eta adibideak bidaliko dizkigute».
Uberrek oztopoak zituen Alemanian eta Indian lan egiteko eta zabaltzeko: Alemanian Uberren jarduera debekatzear ziren; Indian, berriz, haren jarduera lizentzia bertan behera utzi zuten, 2014an Uberreko gidari batek bidaiari emakume bat bortxatu eta gero. 2015eko urtarrilean jaso zuen berriro ere Indian lan egiteko baimena.
Uberrek burtsara ateratzeko asmoa zuen, eta akzioen balioa izugarri igotzea espero zen. Enpresako goi kargudunek agirietan diotenez, ez zitzaien komunikabideen dirua interesatzen, haien jabeek gobernuekin zuten harreman zuzena eta eragiteko gaitasuna baizik. «Benetan ez genuen haien dirua behar», azaldu du MacGannek. «Diruarekin batera zetorren goi mailako sarbide politikoa eta eragina baizik».
Italian Carlo de Benedetti zen Uberren erreferentzia. Enpresako inbertsiogilea eta garai hartan La Repubblica-ren eta L'Espresso-ren jabea —gero saldu egin zituen—. Italia taxien sektorearen araudia aztertzen ari zen 2016an, eta De Benedettiren bidez irits zitezkeen Mateo Renzi presidentearengana.
Agirien arabera, De Benedetti harremanetan jarri zen Renziren konfiantzako ministro batekin, eta esan zion Uber «geraezina» zela, modernitatearen ikurra zela eta babestu egin behar zutela.
Uberrek enpresari eta enpresaren onurei buruzko kontakizuna sortu zuen. Milaka euro eta dolar ordaindu zizkien Europako eta AEBetako zenbait unibertsitateirakasleri eta think tank-i, gero politikarien aurrean eta komunikabideetan erabil zitezkeen ikerketa positiboak sortzeko.
Uberrek komunikabideen jabeak limurtu zituen, mesedeak lortzeko
Komunikabideetako nagusiak baliatu zituen gobernuetara iristeko eta eragina izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu