Bukatu da COVID-19ak eragindako bi urteko etenaldia. Bueltatu dira Iruñeko sanferminak. Euskarazko komunikabideek, ohi bezala, jaien jarraipen berezia egingo dute. Dena den, aurtengo berrikuntza bakarra ez da pandemiak eragindako etena, eta jai gosea; baita Enrique Maia alkateak eta haren gobernuak herri sanferminen kontra hartutako erabakiak eta debekuak ere.
BERRIA
Eguneko laburpenaeta eskaintza zabala
Berria TBk bi eduki propio eskainiko ditu egunero, berria.eus-en eta sare sozialetan: bata, jaietako ikurrei edo bitxikeriei buruzko bideo sorta, paperean argitaratuko den Ba al dakizu? atalaren ikus-entzunezko bertsioa; bestea, egunaren laburpena, egun bakoitzean ekitaldi batean oinarritua.
BERRIAk zuzenean eskainiko du biharko txupinazoa, Hamaika telebistaren seinalearen bitartez. Hamaikak saio berezia egingo du 11:00etatik 14:30era, eta egunkariaren webgunean ikusi ahal izango da.
Paperean sanferminei buruzko zortzi orri argitaratuko dira egunero. Eguneko kronikak, entzierroen kontaketa, Iruñeko kazetarien zutabeak, Ba al dakizu? atala, elkarrizketak eta argazkiak. Argazki asko. Sanferminek aukera ugari eskaintzen dituzte argazkiak ateratzeko, nola ekitaldi tradizionalei, hala kaleko giroari, eta horiek guztiak jasoko dira paperean.
HAMAIKA TELEBISTA
Txupinazoa eta 'Zapi gorria' zuzeneko saioetan
Bi ardatz izango ditu Hamaikaren sanferminetako eskaintzak: batetik, txupinazoaren zuzeneko emanaldia; bestetik, Zapi Gorria, tarte berezi bat telebistaren zuzeneko saioetan —Gurean Gaur eta albistegiak— sanferminen berri emateko.
«Sanferminetako eskaintza bat dator aurreko urteetan Nafarroan egiten ari garen lan guztiarekin», nabarmendu du Ekhiñe Atorrasagastik, Hamaikako Edukien arduradunak. Nafarroa Gaur, Nafar Away, Klik Batean, Lotsagabe... saioak aipatu ditu.
Jaien hasiera zuzenean eskainiko dute bihar, 11:00etatik 14:30era. Gurean Gaur magazina Bilbotik hasiko dute, baina gero hitza emango diote Iruñeko platoari. Udaletxe plazatik gertu egongo da. Kazetariak izango dituzte udaletxean eta kalean, gizarteko ordezkarien eta herritarren hitzak jasotzeko. Gonbidatuak hartuko dituzte Iruñeko platoan. 13:00etan Joseba Asiron elkarrizketatuko dute, EH Bilduko Iruñeko udaleko bozeramailea.
Zuzeneko saioetan tarte berezia izango dute sanferminek, Zapi Gorria atalaren bidez. Bertan, esaterako, Almuertzikoa izeneko tartean sanferminetako gastronomiari buruz hitz egingo dute batez ere:ezinbesteko platerak, gutiziak, ohiturak, otorduak...
EUSKALERRIA IRRATIA
Betiko izaera,formatu txikiagoan
Aurtengo sanferminak bereziak izango dira Euskalerria Irratiarentzat. Ez COVID-19ak eragindako etenaldiaren osteko lehenak izango direlako soilik. Azkeneko urteetan O-ko Andre Maria plazako oholtza batetik egiten zuten jaietako zuzeneko saio nagusia, Sanfermintza. Enrique Maia Iruñeko alkateak antolatu ahal izan dituen lehen jaietan, ez. «Maiak lehendabizikoz aukera izan du sanferminak antolatzeko, eta lehen erabakia izan da herri sanferminak pikutara bidaltzea», salatu du Juan Kruz Lakastak, Euskalerria Irratiko koordinatzaileak.
Zaldi Zuria tabernako terrazatik egingo dute Sanfermintza, formatu txikiagoan. Oholtza txikiagoa izango dute, eta zuzeneko emanaldiek txikiagoak eta formatu akustikoan izan beharko dute, lehen ez bezala. Zuzeneko musika emanaldiak garrantzitsuak dira saioan. Bi talde izango dituzte egunero: besteak beste, Tipex, Burutik, Nerea Urbizu, Hofe, La Pamplonesa...
12:00etatik 14:00etara izango da Sanfermintza magazina, etzitik aurrera, Reyes Ilintxetak eta Lakastak berak gidatuta. Elkarrizketak egingo dizkiete jaietako eragileei, eta kaleko konexioak jaietako ikur bihurtu diren pertsonekin eta lekuetatik.
Txupinazoaren zuzeneko emanaldia 10:00etatik 12:30era egingo dute, bihar. Ilintxetak eta Lakastak kontatuko dute Seminario etxeko balkoi batetik. Kazetariak izango dituzte udaletxean eta kalean.
Lakasta kezkatuta dago, udalak sanferminen aurretik «giroa berotzeko» erabakiak hartu dituelako. «Baina», zehaztu du, «espero dut gailenduko direla San Fermin jai horizontalak, autogestionatuak, berdinzaleak eta festazaleak, horrelako probokazioei bizkarra ematen dietenak».
Txupinazoa, protagonistak eta giroa
BERRIAk, Hamaika Telebistak eta Euskalerria Irratiak saio bereziak egingo dituzte, bihartik aurrera, Iruñeko sanferminetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu