Lerro asko beharko lirateke 50 urtean egin duen kazetaritza ibilbidea laburbiltzeko. Egun, unibertsitate master bat zuzentzen du Antonio Rubio Campañak (Melilla, Espainia, 1951). Iaz, Ondas sari bat eman zioten GAL: El Triángulo podcastagatik. «Gazteek ez badituzte nire liburuak irakurtzen, haien entzungailuetan sartuko naiz». Felipe Gonzalezi buruz galdetuta, «GALen X asko» egon zirela esan du: ekonomikoa, judiziala, militarra...
Mikel Zabalzaren auziak eta Antonio Tejeroren estatu kolpeak beste ikerketa bide bat hartuko al lukete sekretu ofizialen legea aldatuko balitz?
Josep Pere Bordeleko Unibertsitateko irakasleak planteatzen du iragana berreskuratzea, eta osagai berriekin ekarpenak egitea historia edo benetako historia ulertzeko. Agiri sekretu batzuk desklasifikatuko balira, informazio sakonagoa eta xeheagoa izango genuke hainbat auziren inguruan. Inazio Ellakuria apaizaren hilketaren auziaz ere gehiago jakingo genuke.
Hain justu, Ellakuriaren hilketaz egin zenuen ikerketak ondorio batzuk eragin zituen.
Bai, eskaini nuen materialak balio izan zuen AEBetako koronel bat estraditatzeko, eta auzia berriz zabaltzeko Espainiako Auzitegi Nagusian. CESID eta CIA egon ziren hor tartean.
Espainiako Gobernuak proposatu duen sekretu ofizialen legearekin, ordea...
Aurreproiektuan PSOEk proposatu du 50 urtez gordetzea sekretuak, eta beste 15 urtez ere bai. Argi dago ez ditudala ikusiko.
Boterearen tapizak altxatzea kazetaritzaren parte al da?
Ryszard Kapuscinski kazetariak esaten zuen moduan, kazetaritzak proiektore bat jartzen du gela ilun batean, eta, proiektorea pizten duzuenean, labezomorro guztiak korrika ateratzen dira. Ikerketa kazetariak argi hori piztu eta tapizak altxatu behar ditu, gardentasuna beharrezkoa baita gizarte bat demokratikoa izan dadin. Egungo sekretu ofizialen legearekin, ilunpean gaude, eta ez dugu memoriarik.
Ikerketa kazetari batek zer erantzukizun du gizartearekin?
Edozein kazetarik duena. Ikerketa kazetaria zirujau baten parekoa da, eta tresna batzuk fin erabiltzen jakin behar du. Zuzenbidearen, ekonomiaren eta dokumentazioa bilatzearen inguruko jakintza izan behar du. Urteetako esperientzia ere garrantzitsua da, ez diezazuten harpa jo.
Zeintzuk dira Espainiako Ikerketa Kazetarien Elkargoaren oinarri nagusiak?
Funtsezkoena etikoa izatea da. Garrantzitsua da, halaber, zenbait pertsonaiarekin nahastuta ez egotea. Bazkideren bat enpresa bateko edo ministerio bateko aholkulari bihurtzen bada, elkargoa utzi behar du. Ikerketa kazetariak direla dioten guztiak ez dira ikerketa kazetariak. Txosten bat editatzea ez da ikerketa kazetaritza. Eta jende gazteari esan behar zaio denak ez duela balio.
Zer garrantzia ematen diozu formakuntzari?
Garrantzi osoa. Zuzentzen dudan masterrean, esan ohi dut formakuntza behar dela informatzeko. Ez baduzu formakuntzarik, ezin duzu informatu. Bestalde, atentzioa ematen didate gauza guztiei buruz dakiten kazetariek.
Irratiko eta telebistako tertulietako solaskideak?
Bai. Kazetaritza genero berri bat da hori, baina nik fakultatean ez nuen ikasi, eta masterrean ez dut erakusten. Irratiek eta telebistek, lau sos gastatu, eta orduak betetzen dituzte tertulia horiekin.
Paperezko egunkarien salmentak beherantz doaz. Nola ikusten duzu paperaren egoera?
Errealitate bat dago: mundua digitala da. Kioskoak egokitu egin beharko dira. Papera erabiltzen dut, dinamika berezitua du, baina nire ideia da paperezko egunkariek digitalen gehigarriak izan behar dutela. Hau da, ostiral, larunbat eta igandeetan produktu desberdin bat eskaintzen baduzu, erreportaje onekin eta kalitatezko narratibekin, irakurleek erosiko dute. Paperak gourmet produktu bat izan behar du. Bestalde, uste dut antzerkia ere baliabide ona izan daitekeela kazetaritza dokumentala egiteko.
Zer diozu tokiko kazetaritzaz?
Etorkizuna da; bueno, oraina ere bai. Tokiko kazetaritzak errealitatea hurbiltzen dio hartzaileari. Finantzaketa ekonomikoa bilatu behar da kazetaritza horrentzat, informazioa ez baita doakoa.
Antonio Rubio Campaña. Espainiako, Ikerketa Kazetarien Elkargoko presidentea
«Txostenak editatzea ez da ikerketa kazetaritza»
Kazetarien Euskal Elkargoak gonbidatuta, Rubiok sekretu ofizialen inguruko hitzaldi bat eman du asteon, Bilbon. «Egungo legearekin, ilunpean gaude, eta ez dugu memoriarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu