Euskal Herriko milaka telebistatan agertutakoak dira Xabier Otaegi Txirri, Jose Inazio Ansorena Mirri eta Txema Vitoria Txiribiton. ETBren hasierako urteak bizi izan zituzten, 1984. urtean Don Don Kikilikon programaren protagonistak izan ziren eta. Halere, ibilbide oparoa eginikoak ziren lehenagotik ere. 1972. urtean egin zuten lehen emanaldia, Kixki (Xabier Otaegi), Mixki (Jose Inazio Ansorena) eta Kaxkamelon (Andoni Ezeiza) gisa. Orain, telebistako lehen emanaldiaren 50. urteurrena pasatuta, haien omenez egindako dokumental bat estreinatuko dute urtarrilaren 1ean ETB1 katean, prime time-an: Txirri, Mirri eta Txiribiton. Mende erdia Euskal Herria alaitzen. «Hiru pailazoen atzean egon diren horiek guztiak ezagutzeko» modua emango du dokumentalak, Nagore Real zuzendariak azaldu duenez. Baleuko ekoiztetxeak egin du.
Frankismo garaian hasi ziren Kixki, Mixki eta Kaxkamelon antzezten, Donostiako Kresala elkartearen bidez. «Donostiako Antzoki Zaharrean eman zituzten lehen pausoak, eta, harrezkeroztik, leku kutuna izan dute hura. Frankismo garaian euskaraz aritzen ziren pailazo bakarrak ziren, eta hori nabarmentzekoa da», esan du Realek. 1984. urteko abenduan egin zuten ETBko lehen emanaldia, eta 2011. urtera arte aritu ziren han lanean. Telebistan hainbeste urte igaro zituztenez gero, dokumentalaren egileek artxiboko milaka irudi eduki dituzte eskura. «Hainbeste irudi edukitzea oso lagungarria da horrelako lan bat egiteko».
Hiru pailazoen ibilbidean ehunka lagunek parte hartu dute, eta horiek izan dira dokumentalaren oinarri. «Aukera aparta da hau Txirri, Mirri eta Txiribiton ezagutzeko, ondoan izan dituztenen ahotsetatik eta bizipenetatik abiatuta. Kanpotik ezagutuko ditugu, baina baita barrutik ere», azaldu du zuzendariak. «Pailazoaren atzean dagoen pertsona ezagutzea dute helburuetako bat». Ezagun asko agertzen dira dokumentalean, hala nola Jaime Otamendi, Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Fede Badiola eta Txan magoa. «Beste pailazo batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu. Iker Galartza eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots agertuko dira». Artista askorentzat erreferente izan dira hiru pailazoak, eta, beraz, belaunaldi askotako jendea elkartu da dokumentalean.
Pailazo izatea, «herrigintza»
Hiru pailazoek euskal kulturan zer-nolako garrantzia izan duten azpimarratu nahi dute dokumentalean. «Pailazo aritzea herrigintza dela uste dugu», esan du Realek. «Eta Txirri, Mirri eta Txiribitonek gure herriaren eta euskararen alde egin duten borroka ezinbestekoa da. Konpromiso handia izan dute Euskal Herriarekin eta gure izaerarekin, eta, horregatik, beharrezkoa da omenaldi hau». Euskararen aldeko hainbat mobilizazio eta borrokatan aritutakoak dira pailazoak; esate baterako, 1990. urtean Euskaldunon Egunkaria-ren alde egindako emanaldian parte hartu zuten Donostiako Belodromoan.
Bestalde, hiru pailazoen emanaldietan oinarri oso garrantzitsua da musika, eta, ideia hori nabarmentzeko, dokumentalaren egileek hiru bideoklip egin dituzte, eta ikus-entzunezkoaren barnean txertatu. «Haien ibilbidean oso garrantzitsua izan da musika. Dokumentala egitean, oroitzapen asko etorri zaizkigu gogora, horietako batzuk abestiei lotuak». Lehenik, Gure Zirkuko partaideek Paristik natorren kanta interpretatu dute. Donostiako Udaleko Abesbatza Txikiak, berriz, Pintto, Pintto abestia kantatu du. Azkenik, EITBko hainbat langile ezagunek Altza, Pelipe abestuko dute.