Txinak eta Errusiak estreinatu dute telesail gehien 2024an

Txinako 364 telesail estreinatu zituzten iaz. Errusiako 190 telesail berri iritsi ziren, eta AEBetakoak 182 izan ziren. Japonia laugarren tokian da, 179 telesailekin. Teleformat behategiak txosten batean eman ditu datuak.

Txinako 'Falling in your smile' telesaila. BERRIA
Txinako 'Falling in your smile' telesaila. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 9a
14:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako telesailak ikustera daude ohituta Euskal Herriko ikus-entzuleak. Herrialde horretakoak zabaltzen dira telebista kate eta plataforma gehienetan, baina, Teleformat behategiak eman dituen datuen arabera, beste bi herrialdetan telesail gehiago ekoitzi eta estreinatu zituzten 2024an: Txina da lehen tokian, herrialde horretako 364 telesail estreinatu baitzituzten iaz; bigarren tokian Errusia dago, herrialde horretako 190 telesail ematen hasi baitziren —Euskal Herrian, ordea, ez da apenas hitz egiten Errusiako telesail berrien inguruan—. AEBak hirugarren tokian daude, 182 telesailekin; eta laugarrena Japonia da, 179 telesail estreinatuta. Thailandiako 154 telesail ere estreinatu dituzte. Indiak ere gainditu du ehun telesailen marka: 149 fikzio egin ditu.

Europan, Erresuma Batua eta Frantzia daude lehen tokietan: 94 fikzio britainiar berri estreinatu zituzten iaz; eta frantsesak 71 izan ziren. Alemaniako 66 telesail estreinatu zituzten, eta Espainiako 63.

Latinoamerikan, Mexiko da zerrendako lehena: 47 telesail estreinatu zituzten 2024an.

Hego Koreako 97 telesail estreinatu zituzten 2024an. Hain zuzen ere, munduan gaur egun ikusle gehien lortzen ari den telesaila herrialde horretakoa da: Squid Game (Netflix).

Generoei dagokienez, Teleformat behategiaren txostenak jasotzen du dramak direla nagusi; bigarren tokian komediak daude; hirugarrenean, tragikomediak; eta laugarrenean, telesail laburrak. Animaziozko telesailak generotzat hartu dituzte, eta horiek daude bosgarren tokian.

Bestetik, telesailen %55,6 telebista kate konbentzionaletan estreinatu zituzten munduan iaz, eta %44,3, streaming plataformetan. Netflix izan zen 2024an telesail gehien estreinatu zituen plataforma: 158. Txinako Tencent Video dago bigarren tokian, 129 telesailekin.

'True crime'-a, oso indartsu

Fikziotik aparte, entretenimendu generoko saioen estreinaldien datuak ere bildu ditu Teleformat behategiaren ikerketak. Horren arabera, generoen artean dokusailak daude lehen tokian; gertu daude reality-ak; hirugarren lekuan lehiaketak daude; laugarrenean, magazinak; eta bosgarrenean, talk show saio berriak.

Azpigeneroetan, true crime formatuko 225 ekoizpen estreinatu zituzten iaz telebistetan eta plataformetan. Azpigenero hori dago lehen tokian. Euskarazko lehen true crime saioa ere estreinatu zuen joan den urtean Primeran plataformak: Krimenak. Gure kronika beltza. Euskal Herriko sei kasu aztertu dituzte bertan. Sukaldaritzarekin eta gastronomiarekin lotutako saioak dira azpigeneroen artean hurrenak. Kirol arloko saioak daude hirugarren tokian, eta turismoarekin eta bidaiekin lotutakoak laugarrenean.

Entretenimendu saio gehien estreinatu dituen herrialdea AEBak dira: 421. Bigarren tokian Erresuma Batua dago, 347 saiorekin; eta hirugarrenean, Alemania, 224 saiorekin. Herbehereak dira laugarren, Espainia bosgarren, eta Frantzia hamargarrena da.

2024an, telebista konbentzionaleko kateetan estreinatu zituzten entretenimenduko saioen %73,8, eta streaming plataformetan %26,2. Plataforma horien artean, Netflix da ez-fikziozko saio gehien estreinatu dituena: 96.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.